Normala da

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko uzt. 24a, 02:00

Uda-giroan, han-hemengo jai eta festetan, jendea euforia etilikoz mela-mela eginda dagoela, normala da erasoren bat edo beste izatea. Beroa, izerdia, hormonak… Eta neskatxak hain alai, eta hain eder, eta hain edanda, eta hain arropa gutxi azalak kurbak eta abarrak ezkutatzeko… Azkenerako, gizon batzuei eskua joaten zaie, eta burua ere bai, halabeharrez. Normala da.


Emakumeak ere halabeharrez ibiltzen dira beldurrez han-hemen, leku ilun bakartietan bereziki, Txanogorritxuren ipuina txiki-txikitatik ederki asko ikasita: “Kontuz ibili, otsoak jango zaitu bestela”.


Normala da. Ez dakit zergatik harritzen garen hainbeste. Gaur eta hemen, normala da gizon batzuei burua eta eskua joatea, primateen garai primitiboetatik gizonen geneetan iltzatuta omen dagoen sexu-grina ar guztiz kontrolaezin horrek menderatuta baleude bezala.


Normala da emakume guzti-guztiei txiki-txikitatik ikararen harra sartu izana eta, aldi berean, inoiz inori ez bururatu izana gizaki eternalki erasogarri horiei beren burua defendatzeko harra piztea. Normala da emakume gehienak gai ez sentitzea beren burua babesteko, primateen garai primitiboetatik andreen geneetan iltzatuta omen dagoen ahulezia eta muturreko xalotasun eme guztiz kontrolaezin horrek menderatuta. Normala da hori dena. Ironiarik gabe diot. Normala: gizarte patriarkal honen normaren araberakoa.

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide