Optimista arriskutsu horiek

Erabiltzailearen aurpegia Maialen Berasategi 2015ko eka. 5a, 02:00

Espezie zinez arriskutsua da optimistena. “Oraingoan bai”-ka aritzen dira, eta, hasieran, inork ez die kasu handirik egiten, baina, gero, hor ibiltzen dira, irribarreak eta argudio bihotz-goragarriak partitzen kafe-iragarki alaitsu batean bezala, eta inbidia pizten diete ingurukoei ezinbestean, denok sinetsi nahi genituzkeenak sinesten baitituzte, eta tristura soilik ez, aizue, poza ere kutsagarria baita aldizka, eta, azkenerako, gauzarik sinesgaitz eta gertagaitzenak ere sinesten ditu batek.

Gero, gertatzen ez badira, orduan bai etsipena. Kolpea kolpe da beti, baina minak beti minago dirudi itxaropena zapuztu ostean.

 

Hala gertatu zitzaigun gasteiztar batzuoi maiatzaren 24an: ezkor hasi, baina, optimista suharren, nahiak eta errealitatea nahasteko dugun ohitura psikoanalizagarriaren eta nafarrek ufadaka zekarten aldaketa-usainaren poderioz, puztu zitzaigun guri ere esperantzaren puxika lañoa. Eta, gero, puztu bezalaxe despuztu.

 

Zaputzaren errua norbaiti bota behar, eta konbentzitu gintuzten optimista arriskutsu horiei bota genien, ahazturik jende baikorra arriskutsua dela, bai, baina ez beti kalterako. Azken batean, botoek etsitu gaituzten honetan, opitmista konstruktibo arriskutsu bihurtzea beste aukerarik ez dugu, oraindik galdua ez dagoen hori galdutzat emango ez badugu. Berri Txarrak taldeak, ez alferrik, honela dio kantu batean: “Lanjerosa naiz, zerbait alda dezakedala sinesteko lain”.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide