Kanpezu, sionisten jomugan

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2016ko abu. 6a, 11:12
Kanpezuko hainbat lagun izan ziren Palestinan, zanpartzar taldearekin. / Alea

"Israelen aldeko presio taldeek txoko ezkutueneko elkartasun adierazpenei erasotzeko duten gaitasunak agerian uzten du gure gizartean duten esku-hartzea".

Iragan ekainaren 7an Kanpezuko (Araba) Udalbatzak aho batez onartu zuen herriak nazioarteko BDZ (Israelen aurkako Boikot, Desinbertsioak eta Zigorrak) kanpainari atxikitzeko mozioa (Kaixo taldearen 5 zinegotzien bozkez + EAJren 4 zinegotzienez). Ebazpenak Israelgo apartheid erregimenarekiko balizko harreman guztiak eteteko galdegiten zion Udalari harik eta kanpainiak ezartzen dituen giza eskubideekiko begirunezko gutxieneko aldarrikapenak betetzen diren arte. Neurriak, printzipioz, ez luke zertan eragin praktiko handirik izan Mendialdekoa bezalako udal txiki batean. Eta horren adierazle tokiko komunikabide alternatiboez harago hedabide hegemonikoetan erabakiak izan duen oihartzun eskasa. Adierazpenaren balio sinbolikoa, ordea, handia da.

Mendialdekoa ez da Euskal Herrian gisa horretako mozioa onartzen duen lehenengo udalerria. Lehenagotik ere udal askok horrelako atxikimenduak onartu dituzte, besteak beste, Baztango udalek, Sakanoek, Alegiakoak, Zestoakoak edota Igorrekoak. Baina, aurrekoetan ez bezala, arabarrek ACOM (Ekialde Ertainerako Komunikazioa eta Ekintza) izeneko erakunde baten jakinarazpena jaso zuten handik astebetera, Udalbatzaren aktak eman ziezazkietela eskatzeko. Egun batzuk geroago eskaera auzi-errekurtso bilakatu zen. Ez dago jakiterik delako elkarte horren atzetik nor dagoen, ez eledunik edo kokapen fisikorik ote duten ere, bakarrik webgune bat eta bertan azaldutako asmo sendo bat: Espainiar estatuan Israelekiko harremanak sustatzea eta estatu hebrearraren irudia normalizatzea. 

Kanpezuko Udalekoek ezin izan dute jakin nork izenpetzen duen jasotako salaketa, baina bai Espainiar estatu osoan antzeko mozioak onartu dituzten erakundeen aurka jarritako helegiteen atzean erakunde berbera dagoela. Israelen aldeko presio taldeek txoko ezkutueneko elkartasun adierazpenei erasotzeko duten gaitasunak agerian uzten du gure gizartean duten esku-hartzea, batetik; baina baita haien ahulezia ere. Izan ere, udal txiki batean onartutako mozioa atzera botatzeko horrenbeste baliabide legal eta ekonomiko bideratu behar badute, arrazoibidearen borroka galduta dutelako izango da.

Gauzak horrela, Kanpezukoek aholkularitza legala eskatu diote Arabako Foru Aldundiari, baina ukatu egin diete. Azkenik, tamainia horretako auzi-errekurtso batean sartzeak herriari ekar liezaiokeen galera ekonomikoaren beldurrez, Udalbatzak aho batez onartutako ebazpena bertan behera uztea deliberatu du. Bestelako jokaera izan dute, aitzitik, espaniar estatuan lobby sionistaren mehatxua pairatu duten beste herri batzuetan. Xixonen (Asturies), esaterako, antzeko auzi errekurtso bati muzin egin eta udalbatzak hartutako erabakiari eutsi egin zioten. Duela astebete epaileak arrazoia eman dio udal asturiarrari eta salatariak lotsagarri utzi.

Pausu txikiak izaten dira. Aurrerakoak batzuetan, atzerakoak besteetan, baina beste askok jarraituko duten ildoa markatzen ari direnak. Eta Israelgo lobbyak haren aparatu juridiko guztiak baliatuta ere ezingo dio luzaroan aurre egin goraka doan elkartasun olatu honi.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide