Auzo lotsa telebistan

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2014ko abe. 23a, 01:00

Koldo Alzola

 

Aspaldi utzi diot euskal telebista publikoa ikusteari. Aitortu egiten dut. Auzo lotsa eragiten dit aurrekontu publikoez elikatutako telebista, eduki kulturalak eta hezigarriak bermatu beharko lituzkeena, ikusle kopurua baino programazioaren kalitatea aintzat izan beharko lukeena, zer bilakatu den ikusteak. Garai batean, nire euskara ikasleei ere gomendatzen nien EITBren euskarazko emanaldiak ikustea, hizkuntza erreferente eredugarri bat izan litekeelakoan, euskal hiztun jatorren jarduna kopiatzearren; baina jadanik ez, aspaldi utzi diot Eusko Jaurlaritzaren telebista gomendatzeari, ez baitut uste handik ezer onik ikas daitekeenik.

 

Aspalditik dator igandeetan telebista publikoan meza santua eskaintzearen tradizio xelebre bezain gaitzesgarria. Baina azken aldian, alkanfor usaineko programazio konfesional hori baztertu gabe, bestelako jokaera izan du ETBko zuzendaritzak; alegia, telebista komertzialetako telezaborra kopiatu, euskaratu, eta euskal labeldun zelofan paperaz bilduta bertako ikusleriari eskaintzea, oso programazio jatorra bailitzan. “Gu eta gutarrak” bezalako saioez ari naiz, “Hombres, mujeres y viceversa” telesaio espainoleko euskarazko bertsioaz. Euskal gazteria konprometitu eta borrokalariarekin zer ikusi gutxi daukan gazte eredua aurkezten dute saio horretan; itxurakeriez eta txatxukeriez baino kezkatzen ez diren gazteak, akritikoak, enzefalograma laudunak. Edota “Itxuroso” telesaioaz ari naiz, “Cambio radical” espainoletik euskarazko mimetizazioaz. Euskaldunen estetika eraldatzeko xedez sortutako saioan “look-mountain” erako janzkera errotik eraisteko grina omen dute, euskal herritar guztiok hipster bilakatuta modernoagoak izango garelakoan. Eta horrelako telezaborra-saiorik ez bada, telebista piztu eta hor agertuko zaizu Urkullu lehendakaria, bere prentsa bulegoko gidoilariek prestatutako galdera erosoei keinurik gabeko aurpegieraz erantzuten. Eta zer esanik ez oraindik beste urtebetez jasan beharko dugun Goenkalez. Sekula manifestazio bat edota ertzaintzaren sarekada bat ezagutu ez duen alegiazko herri horrek errealitatetik kanpokoa dirudi. Markakoa da Arraldekoa! Poliziak ere euskara garbian hitz egiten dizun herri horretan El Diario Vasco kazeta eskuindar erdalduna baino ez dute saltzen. Baina goragalea eragiteko moduko azken alea, urteroko gabonen aurretiko telemaratoia izan da. Saio horretan errudun sentiarazten dute ikuslea sos apur batzuk eman ditzan, gaixotasun sendaezinen baten aurkako ikerkuntza sustatzeko, medikuntza arloko ikerkuntza donazio bolondresen esku egon beharko balu bezala. Iraingarria iruditzen zait gure zergetako dirua Abiadura Handiko Trena bezalako azpiegitura jasanezinak eraikitzera bideratzen duen gobernuaren telebistak limosna bat eskatzea ikusleriari gobernu horrexek berak subentzionatzen ez duen ikerkuntzari laguntzeko.

 

Nonbait irakurri nuen “Hombres, mujeres y viceversa” telesaioko ikusleen %80k aitortzen duela ez dakiela zer esan nahi duen “viceversa” hitzak; eta gainontzeko %20k aurkezlearen izena dela uste duela. Horrelaxe nahi dituzte euskal herritarrak EITBko zuzendaritzako estratega politikoek: elizkoiak, akritikoak, apolitikoak, itxuraz ere espainolak diruditenak, eta El Diario Vascoko irakurleak. Izan ere, horrelakoxea baita aurrekontu publikoez sostengatutako telebista: tele-gorotza gorri-berde-zuri koloreko lazo batez apainduta.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide