'Los Bicivoladores'

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko mai. 23a, 10:08

Koldo Alzola

Gogoan dut eskolan «Los Bicivoladores» izeneko filma jarri zigutenean. Pelikulan Nichole Kidman nerabea hiri txirrindulari gaztetxo talde bateko liderra zen. Bi gurpilen gainean ibiltzen ziren batetik bestera bidegabekeriak argitzen, eta hain trebeak ziren pedalei eragiten, ez zuten apenas lurra ukitzen, bizikletan hegan zebiltzala zirudien. Garai hartan, gutxi gora behera ekingo nion nik hirian zehar txirringaz ibiltzeari.

 

Ordutik, milaka kilometro egingo nituen Gasteizko karriketan; lau bizikleta lapurtu egin dizkidate; milioika semaforori muzin egingo nion, ez bainago prest besteek eragiten duten karbono monoxidoa irensten gelditzeko; hamarnaka istripu izango nituen, batzuk besteak baino larriagoak, baina horietan guztietan neu izan naiz beti autoen erasoaren biktima; ez dut sekula oinezko bakar bat harrapatu, askoren errieta bidegabeari aurre egin behar izan badiot ere; beste zenbaitetan edozein huskeriagatik isuna jarri nahi zidaten udaltzainei izkina egin behar izan diet. Hala ere, elkarbizitza arazo txiki horien gainetik, asko duzue hiri txirrindularioi eskertzeko, hasteko, oraindik ere zuen buru gaineko airea arnasa hatzeko modukoa izatea. Margaret Thacherrek kalte handiagoa egingo zion egun bakar batean ozono geruzari laka erabiliz, geuk bizitza osoan baino. Eta hiri barruko trafikoa oraindik ere jasangarria baldin bada, txirrindua gainean ibiltzen garenoi esker da, neurri handi batean. Zer gertatuko litzateke, bestela, bizikletaz mugitzen garen guztiok hiri barneko garraioak autoz egiten hasiko bagina?


BicivoladoresAzken aldian Gasteizko Udala hiri barruko bizikleten mugimendua arautzeko nahian dabil. Udan indarrean sartuko omen den araudi berriak traba asko jarriko dizkio orain arte kontrolatu gabe zegoen jarduera bati: errepide zein bidegorrietara murriztuko du txirringei baimendutako eremua, eta, ondorioz, auto artean ibiltzen ausartzen ez diren txirrindulari asko baztertu egingo ditu kaleetatik; hiri-altzarietan bizikleta lotzea ere debekatu egingo du, eta horrek arazo praktiko handia eragingo dio bizikleta non utzi topatzen ez duen askori; hiriko erdigunean galerazi egingo du bi gurpilen gainean ibiltzea; kaskoaren erabilera derrigortu edota telefonoz hitzegitea ere debekatu egingo du. Azken batean, garraiobide osasungarri eta jasangarriaren erabilerari traba ugari jarriko dizkion lege multzoa baino ez da aurki abiarazio duten araudia. Susmoa dut espaloiak edota erdiguneko kaleak zapaldu ezean ilegorri australiarraren antzera ibili beharko dugula hirigunean, bizikletaz hegan. Edo bestela, txirringa aparkatu eta autoa hartzea beste irtenbiderik ez digute utziko. Horixe da ditxosozko Hiriburu Berdeak utziko digun ondarea.

 

 


 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide