Dabilen auzo baten hiru perla

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko api. 23a, 10:33

Koldo Alzola

Behin baino gehiagotan baliatu izan dut esparru hau Alde Zaharraren inguruko kezkak plazaratzeko eta auzuneko biztanleok egunero pairatzen dugun politikarien zein erakundeen arduragabekeria salatzeko. Baina oraingo honetan merezitako tarte bat eskaini behar diot gure auzoak dituen alde onen gorazarre egiteari. Oztopoak oztopo, Alde Zaharrean bizi garenok harro gaude gure auzoaz eta askok beste inon baino hemen bizitzeko hautu kontzientea egin dugu. Eta hori horrela bada, ez da, hain zuzen ere, erakundeek auzuneko eta auzotarron bizi-baldintzak hobetzeko ahalegin berezirik egin dutelako.

Gure auzoan, historikoki, Udalaren utzikeriari irudimenaz, autoantolakuntzaz eta elkartasunez egin zaio aurre. Auzuneko karriketan tradizio handia izan da beti auzo antolakuntzan, gizarte mugimenduan, eta jarduera politikoan, eta horrexek, hain zuzen, erakargarria egiten du auzoa hamaika gizarte eragilek, elkartek, pertsonak eta mugimenduk hemengo kaleetan babeslekua bila dezaten. Testu inguru horretan, azken hamarkadetan makina bat ekimen solidario, asanbleario eta autogestionatu sortu dira Alde Zaharrean, eta gaur egun arte dirauten horietako hirurei merezitako errekonozimendua egitera dedikatuko ditut lerro hauek.

Hala Bedi irratiak 30. urteurrena ospatzen du aurten. 1983an sortu zuten Euskal Herriko hedabide alternatiboetako aitzindaria den irrati librea, eta bere jaiotzetik egunera arte hertsiki lotuta egon da Alde Zaharreko eguneroko bizimoduari; ez bakarrik bertan izan duelako beti egoitza, baita auzoan sortutako ekimenen bozgorailua izan delako ere. Hiru hamarkada hauetan irratia kontzientzien akuilua izateaz gain, auzo mugimenduko tresna eraginkorra ere bilakatu da. Ospatzekoa da, beraz, traba instituzionalak tarteko, eta gaur egun ere oraindik alegaltasunaren eremu labainkorrean diharduen badu ere, inoiz baino indartsuago dabilela eta oraindik ere topera dabilela aire fresko bolada bat ekartzen uhin hertzianoetara.


Gaztetxeak ere 25 urte egiten ditu aurten Gasteiz zaharreko talaian tinko. Mende laurden honetan auzoko zein hiri osoko topagunea izan da, hamaika ekimen solidario ernatu dira bertan, eta belaunaldiz belaunaldi bizitzaren eskola ere izan da bertatik pasatu garen askorentzat. Gaztetxea eta auzoa elkarrengandik elikatu egin dira, eta gaur egun kontzertu areto, taberna edo bilera gune baino askoz gehiago da, Alde Zaharreko eta, oro har, Gasteiz osoko ikur bat.


Baina gure auzunean disidentziarako eta elkartasunerako ez ezik festarako espazioa ere bada; hori bai, beti ere, gure gisara antolatutako festarako. Bost urte dira jadanik auzotar asanblada bat Zaharraz Harro jaiak antolatzen hasi zela. Auzokoek auzolanean sortutako jai egitaraua dugu hau, gure auzoa behin eta berriz aintzat hartzen ez duten erakundeen diru laguntzarik eta esku hartzerik gabea, biztanleen lan bolondresari esker antolatua. Eta azken bost urte hauetako jaietako arrakastak iradokitzen du deialdi honek ere korda luzea ekarriko duela.


Garaian garaiko hiru esperientzia hauek, beraz, erakusten dute auzo hau bizirik dagoela; Alde Zaharreko auzotarrek, historian zehar eta etenik gabe, jakin izan dutela irudimenez eta elkarlanez askatasun guneak sortzen, erakundeetako utzikeriaren eta inposaketaren gainean jakin izan dutela auzolanean euren beharrei aurre egiten. Hauek bezalako ekimenengatik harro gaude Alde Zaharrekoak izateaz. Zorionak hiruroi eta urte askotarako!


 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide