Beste buelta bat azkoinari II

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2013ko mar. 21a, 09:36
Koldo Alzola

Susmoa dut arinegi jokatu nuela aurreko batean izenburu hau erabili nuenean, izan ere, zorioneko herri honetan oker ibili ohi gara azkoinari azken buelta eman diotela uste dugunean. Beti etorri ohi da horren atzetik gure harritzeko gaitasuna gainditzen duen beste estualdi bat. Aurrekoan Zaharraz Harro jaien harira gertatutako barrabaskeriari erreferentzia egiteko baliatu nuen. Alde Zaharreko jai alternatiboen egitarau oparoaren barruan auzotar presoen familiekiko elkartasun kalejira antolatu zen.

 

Bertan bildutakoek, auzoan faltan direnak gogoan, preso dituzten kartzeletarako kilometroak zeramatzaten eskuko karteletan; eta dantzari zein bertsolariek lagunduta, auzuneko karriketan ibilbidea eginez, gatibuen senitartekoei elkartasuna adierazi zieten. Handik gutxira, jatorri ilun bezain susmagarriko erakunde batek, “Dignidad y Justizia” delakoak, youtuben argitaratutako bideo batean oinarrituta, salaketa jarri zien antolatzaileei ustez terrorismoaren gorazarre egiteagatik. Aurrena hamaika lagun eraman zituzten Madrilgo Auzitegi Nazionalera deklaratzera, tartean omendutako presoen zenbait senide. Orduan, horren eraso funtsa gabeak sumindu egin gintuen. Orain, haratago ezin zela joan uste genuenean, beste hiru lagun ere ikusi ditugu salbuespen auzitegian desfilatzen: Zaharraz Harroko ustezko antolatzaileetako bat (edozein bizilagun izan zitekeen, auzo batzar ireki batek antolatzen baitu jai egitaraua), eta kalejiran parte hartu zuten bi bertsolariak.  Egoera hau berez sobera surrealista izango ez balitz, aipatu beharra dago epaileak ez zeukala ideia nimiñoenik ere bertsolariek zer esan zuten; are gehiago, bertsolaritza bertsoak hitzetik hortzera asmatzean datzala ere ez zekien. Izan ere, halako batean, jujeak galdegin zien bertsolariei nork idatziak ote ziren ekitaldian “irakurri” zituzten bertsoak. Salatariek bertsolaritza zer den ez badakite, bertsoak bat batean sortuak direla ere ez badakite, eta bertsoek diotenaren arrastorik ere ez badaukate... zertara dator orduan bi bertsolari salatzea? Zertara dator Orden Publikorako Auzitegiaren baliabide guztiak martxan jartzea bertan behera geldituko den funtsik gabeko prozedura bat abiatzeko? Zer da auzian dagoena? Auzo elkartasuna, auzuneko presoen senitartekoenganako babesa, kalejirak, aurreskuak, bertsoak, bertsolariak, bertsolaritza... euskaldunok... euskara...?

Tira, tira, hurrengo barrabaskeriaren aurrean bitan pentsatuko dut azkoinari eragindako azken buelta dela esan aurretik. Batek daki zein izango ote den harritzeko gaitasuna gainditzera datorkigun azkoinaren hurrengo estualdia.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide