Hasiera ona ote?

Erabiltzailearen aurpegia Koldo Alzola 2012ko abu. 19a, 20:21

Koldo Alzola

 

Heldu da uda, eta epeltasunarekin batera auzo eta herrietako jaiak. Onerako edo txarrerako herri honetan festa herrikoiak elkartasunerako plataforma izan dira beti. Berezko ezaugarria dute.

Gizarte mugimenduaren autogestiorako zein aldarrikapenak plazaratzeko esparrua dira. Azken urte hauetan, ordea, jai alternatiboen baitan antolatzen den edozein adierazpen solidarioren aurkako gurutzada burutzen ari dira agintariak. Festa herrikoia non, funtzionario armatuak han. Zoramen errepresibo horren aurrean ez dago txosna esparrurik, jai batzorderik, herri bazkaririk edo kontzertu aretorik euren atzaparkadaz libratzen denik. Eduki politikodun afitxak, pankartak edo erretratuak mehatxugarritzat dauzkate, akaso lelo horiek balizko irakurlea konbentzituko duten beldur baitira. Gaur Alde Zaharrean zehar nebilela zentsura horren arrastoak somatu ditut paretetan, “baten batek” presoen irudiak zekartzaten afitxak kendu baititu atzaparkada selektiboz. Ia aldi berean jakin izan dut “Dignidad y Justicia” izeneko erakunde ultraeskuindar ezaguna Zaharraz Harro jaietako antolatzaileen atzean dabilela; antza denez, Alde Zaharreko festa autogestionatuen egitarauaren barruan auzoko presoen aldeko kalejira antolatu zelako. Hain da zentzugabea lasterketa ero hori non egoera surrealistenen lekuko izaten garen askotan.

Egoera erridikulu horietako bat Gasteizko txosna gunean bizi izan genuen duela hiru urteko jaietan. Festa alternatiboen eremuan zenbait lelo zeuden pankartetan apaingarri, horien artean Mario Benedettiren bat: «Un torturador suicidándose no se redime, pero es un buen comienzo». Uruguaiarraren esaldia oso luzea zenez, egileak, nonbait, elkarren ondoan eskegitako bi pankarta zatitan idatzi zuen. Eguerdian, txosnak itxita zeudela, txanodun polizia armatu talde bat agertu zen, jarrera mehatxugarrian, hiritar zintzoentzat iraingarriak izan zitezkeen leloak ezabatu nahian. Seguruenik idazle hegoamerikarra ezagutu ere egiten ez zuen kaputxadunetako batek «torturador» hitzari erreparatu eta asaldatu zen. Bortizkeriz plastikotik tira egin eta desagertarazi zuen pankarta erdia hitz susmagarririk ez zuen beste erdia eskegita utzita. Geroztik eta festek iraun zuten bitartean pankarta bakarra izan zen erakusgai txosnen aurrean: «es un buen comienzo». Susmoa dut Mario biziko balitz, nirekin bat etorriko litzatekeela. Adierazpen askatasuna zanpatzea ez da inoiz hasiera ona izan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide