Kuantikoa

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2016ko ira. 9a, 09:59

"Gauzak begiratzeko era aldatzen badugu, begiratzen ditugun gauzak aldatzen dira"

Nik Punsetekin eta bere lagunekin lotzen ditut udak. Denbora gutxi badut, Eduarden libururen bat edo artikulu solteak irakurtzen ditut; bestela, berak aipatzen duen ikerlari edo gairen bat aukeratu eta beti topatzen dut erakartzen nauen zerbait.

Aurten fisika kuantikoa tokatu zait. Aspaldian nenbilen gai honi heltzeko gogoarekin, dena posible dela, inolako ziurtasunik ez dagoela baieztatzen duen eta materia bere dimentsio txikienetan ikertzen duen zientziak nirekin bat egiten duelako: oroimena dudanetik zalantzan bizi naiz eta eremu hurbil eta xumeetan sentitzen naiz erosoen. Irakurri dudanetik,  zerrenda luze bat atera dut hausnarketetarako. Esate baterako: gure gorputzak sortzen dituen bibrazioak lotuta daude gure pentsamendu eta gogo intimoekin. Ez gara norbanako gizakiak eta gure pentsamenduak ez dagozkigu guri bakarrik, gure inguruan eragina dutelako.  Gauzak begiratzeko era aldatzen badugu, begiratzen ditugun gauzak aldatzen dira eta horrela, errealitatea aldatzeko gai gara. 

Ipuin kontaketa baten ostean ume batek kontatzen nuena egia ote zen galdetu zidan. Sekulako galdera, kontalari guztiek geure buruari egin beharrekoa. Baietz erantzun nion, egia asko eta ezberdin daudela. Harrez gero buelta asko eman diot galdera-erantzun horri. Orain badakit  zuzen nengoela. Edo ez?

Fisika kuantikoak daitekeena eta litekeena du oinarri eta zenbat lasaitzen nauen horrek.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide