Berri onak

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Rekalde 2015ko abe. 17a, 11:46

Aurtengo azken zutabea idazten nagoen unean Monstrenko kolektiboaren kideekin batera ari naiz asteburu honetan eskainiko dugun muntaia berri bat bukatzen. Euren esanetara, bizirik daudela sentitzeko biltzen dira, edo bizirik daudela sentitzen dutenean zutik irauteko elkartzen dira. Aldi bakoitzean nahi edo behar duten antzerkia eskaintzen dute urtero Monstrenka jardunaldietan, Eguberrietako jaien inguruko egunetan.

 

Oihaneder Euskararen Etxearen eta alea aldizkariaren lehendabiziko urteurrenak ere ospatuko ditugu. Arte eszenikoen Baratza egitasmoaren bigarren urteurrena izango da asteburu honetan, eta hainbat ikuskizun izango dira asteburuan. Mahaia kulturgintza sustatzeko plataforma eta Eszenika elkartea sortu dira Araban.

 

Eguberriari dagokion izpiritu baikor, alai eta baketsuaz ari naiz idazten, word dokumentu batean; DejaVu Sans 14 letra aukeratu dut, Vivaldiren Lau urtaroak entzuten nagoen bitartean. Hala ere, Siria, Ruanda eta hainbat lurraldetako migranteen arranguren oihartzunak heltzen zaizkit axolagabetasunaren tapoiak jarri ditudan arren. Zuwarara, Farmakonisira edo Lanpedusara heldu direnek ondo dakite bidaia guztiek ez dutela bueltarik. Musikaren bolumena igo dut.

 

Ospakizunak ospakizun, hilaren 18an nazioarteko migranteen eguna ospatuko dugu. On dagigula!

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide