Itsasoan dago erantzuna

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2013ko abe. 27a, 09:09

 

Itziar Etxezarreta

Konturatu orduko Gabonak berriz ere gainean ditugu: kolonia iragarkiak, turroi eta mazapan betekadak, ardoz eta xanpainez blaitutako senitarteko afari-bazkariak, Gabonak zoriontzeko modu orijinalena aurkitzeko lehiaketa absurdoa…  Eta berriro ere urteko balantzea egiteko garaia iritsi da, 2013. urteak zein gauza on eta zein txar utzi ote dizkigun pentsatzeko unea. Beraz, norberak bere kontuak atera ditzala,   nik nireak atera baititut jada: itsasoari begira pasa ditut azken 365 egunak.

 

Azken urte hau surferoen gisa pasa dut, hondarretan eserita olatu perfektua noiz iritsiko zain. Duela sei urte agindu zidaten olatua, unibertsitate ikasketak hasi nituenean, hain zuzen: “ Momentu ezin hobea duzu hau ikasketak hasteko, krisi garaia unibertsitatean eman eta karrera amaitzerako olatuaren gandorra harrapatuko duzu eta!” Urte eta erdi igaro da unibertsitate ikasketak amaitu nituenetik eta ordutik neoprenoa soinean dudala itsaso urdinari ez diot begirik kentzen. Baina, egunak joan, egunak etorri, agindutako olatuaren arrasto txikienarik ere ez!


Behar bada bere momentuan ez nuen jakin hitz horiek ondo interpretatzen. Nik karrera amaitzerako ekonomia berriz ere bere onenean egongo zela ulertu nuen, lan aukerak nonahi izango genituela. Baina agian gainera zetorkigun olatua ez zen oparotasunarena, langabeziarena baizik. Hala bada, olatua baino tsunamia dela esango nuke nik! Eta unibertsitatetik atera berri askoren surf ohola ez omen da nahikoa ur astinduari eusteko!


Krisiaren uholdearen aurrean, beraz, zeregin txikia dugu gazteok. Gutako asko urak eraman ez bagaitu langabeziaren ozeano zabalean gurasoek uhartetxoa eskaini digutelako izan da. Baina, noiz arte egongo da uhartea marea bortitzetik salbu? Administrazio publikoa bezalako bandera-ontziak ere kaskoa pitzatuta omen du honezkero eta harekin batera atzetik goaz denok, arraunik gabe noraezean.


Dena dela, ezin naiz kexatu, tsunamiaren indarrak eraman ez nazan zuhaitz batera igotzea lortu baitut -lantxo bat aurkitu dut, gaizki ordaindua, noski, baina ez itotzeko lain ematen didana-. Zuhaitzak noiz arte aguantatuko duen ez dakit, baina. Beraz, zuhaitzera igota, itsasoari begira jarraitzen dut,  itsasoan baitago  erantzuna. Azken batean, urak dakarrena urak darama. Hala ere, ekaitzak luze joko duela aurreikusita, Olentzerori urpean igeri egiteko ekipoa eskatu diot aurten.  Badaezpada.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide