Maroto, euskarak mola, baina ez edonola!

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2013ko urr. 28a, 11:09

Itziar Etxezarreta

 

Portalera sartu eta bizilagun bat barre algaraka ikusi dut. 

-Zer dugu?- galdetu diot. 

-Euskarak mola! 

- Nola? 

- Baietz ba, euskarak mola!

 

Barreari ezin eutsi, esku artean daraman orria niri eman eta eskaileretan gora desagertzen ikusi dut. Jarraian, irakurtzeari ekin diot, gertatu berri dena ulertu nahian.



Begi aurrean Gasteizko Udalak bidalitako gutun bat dut, gaztelaniaz idatzita. Bertan, alkate jaunak gonbidapena luzatzen dio herritar begikoari “Vitoria-Gasteiz BERRasmatu” world-kafean parte har dezan. Interesgarria iruditu zait, hiritarren iritzia kontuan hartzea xede duen jarduera baita, baina, egia esan, ez dut barregarria suertatu daitekeen ezer topatu. Bizilagunari barregura -edo negargura, batek daki- eragin diona atzealdean dator, euskarazko bertsioan, hain zuzen.



Euskarazko gutunak bost paragrafo eskas baino ez ditu eta, jada lehenengo begiratuan, bost akats aurkitu ditut (batezbestekoa = akats bana paragrafoko!). Ez pentsa edonolako akatsak direnik (aditz bat falta da, beste bat soberan dago, etab.), eta estiloaz hobe ezer ez aipatu. Nabaria da, gainera, ez dutela testua birpasatu, nola beharrean mola jartzen baitu, adibidez. Horixe, beraz, bizilagunaren baieztapen xelebrearen azalpena.


Gutuna oraindik esku artean dudala barre egitea zein osasungarria den datorkit burura, horixe diote adituek behintzat. Hori horrela bada, euskaldunok zorioneko gara, gure kaleetan barre egiteko hamaika arrazoi aurki baititzakegu: “CAZADORA/EMAKUME EHIZTARIA 50€”, “PROHIBIDO APARCAR MAÑANA Y TARDE/APARKATZEA DEBEKATUTA BIHAR ETA BERANDU” eta dagoeneko klasiko bihurtu diren beste mila adibide. Horrelakoek barre algara eragin ohi digute, baina baita lotsa, haserrea eta tristura ere.



Euskaraz bizi nahi dugunok malguak izan behar dugu askotan eta, parean daukagunaren euskara bikaina ez bada ere, erabiltze hutsarekin egiten duen esfortzua txalotu behar dugu -horixe da, behintzat, nire iritzia-. Hala ere, euskaltegian arratsaldeak gogo onez igarotzen dituen lagunaren kasua eta Gasteizko Udalarena alderaezinak dira erabat: lehenengoak, behar bada, praktika pixka bat behar du, bigarrenak, aldiz, praktika soberan izan beharko luke dagoeneko!



Dena dela, guztiok dakigu, ondo jakin ere, kasu honetan arazoa ez dela euskararen ezagutza maila, hainbat itzultzaile eta hizkuntzan aditu ari baitira Udalarentzat lanean -edo hala beharko luke behintzat-. Arazoa euskarari ematen zaion garrantzia da, garrantzia falta, zehazki. Izan ere, Maroto jaunarentzat euskara garrantzitsua balitz, ziur naiz hizkuntzan aditua den norbaiti kontsultatuko liokeela gutunean bere zigilua jarri aurretik. Begi bistakoa da gauzak oso bestelakoak direla.


Beraz, Gasteizko euskaldunon izenean nahikoa dela esatera ausartzen naiz. Euskaraz bizi nahi dugu, bai, baina ez edonola. Udalari euskara zaindu dezan eskatzen diogu, ekoizten dituen dokumentu guztietan eta, bereziki, hiritarroi zuzendutakoetan, hizkuntza kalitatea bermatu dezan.



Hitz gutxitan: Maroto, euskarak mola, baina ez edonola!

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide