A relaxing cup of cafe con leche

Erabiltzailearen aurpegia Itziar Etxezarreta 2013ko urr. 7a, 10:00

Itziar Etxezarreta


Izenburua irakurtzearekin batera atzerriko hizkuntzak ikasteko beharraz, espainiar politikarien lotsa faltaz edota spanglish fenomenoaz arituko naizela pentsa dezakezue. Baina ez, hori ez da nire asmoa, Gasteizko hiri antolakuntza izango baitut hizpide.

Eta zer ikusi du, bada, Botella anderearen esaldi famatuak gure hiriarekin? Hona hemen erantzuna: madrildarrek kafesnea Plaza Mayorren hartzen dute; gasteiztarrok, aldiz, zebrabide erdian. Bestela esanda, Gasteizko hainbat hiribide zeharkatzeko zebrabide bakarra beharrean bi gurutzatu behar ditugu eta, gainera, semaforoak erabat deskoordinatuta daudenez, saiakerak luze jo dezake.

 

Baina ez pentsa hori denik kotxea etxean uztea erabakitzen dugunok jasan beharreko bakarra, kontuak ez baitu hobera egiten bizikleta hartuz gero. Jakina da oinezko askori bidegorria paseatzeko leku bikaina iruditzen zaiela ―baliteke urriak izanagatik preziatuagoak iruditzea― eta bizikleten bideak zabor edukiontzientzat kokaleku paregabea ere badirela. Baina hori gutxi balitz, laster indarrean egongo den Gasteizko Hiri Antolakuntzarako Plangintza Orokorrak bizikletentzako espazioak erregulatuko dituen edo, hobe esanda, txirrindulariei hainbat espaloitatik joatea debekatuko die.


Gauzak horrela, hemendik aurrera txirrindulariak errepidetik joan beharko dira autoentzako  gehienezko abiadura ustez ―udalaren ustez bai, ez ordea auto gidarien ustez― 30 km/h-ko den kaleetan. Beraz, bizikletaz ibiltzea jada ez da aspergarria izango, oso entretenigarria baizik, norbera aurreratzen saiatzen diren autoak,  bigarren ilaran aparkatutakoak edota autoen abiadura moteltzeko sakanguneak saihesten aritu beharko baikara txirrindulariok. Hitz gutxitan,  Gasteiztik bizikletaz ibiltzea oztopo-lasterketa bikaina bihurtuko da!


Hala ere, txirrindulari maiteok, ez kezkatu emozio bortitzak gustuko ez badituzue, udalak zuentzat beste proposamen bat baitu: tranbiaren bideak erabiltzea. Aukera hau lasaiagoa izango da, dudarik ez. Baina kontuz! Mendiko bizikleta eraman! Tranbidearen zati batzuk belarrez estalita baitaude!


Beraz, baliteke Hiri Antolakuntzarako Plangintzaren helburua gasteiztarron bizitzari gatz eta piper pixka bat jartzea izatea. Nik, aukeran, Botellaren gomendioari jarraitu eta kafesne erlaxantea hartzea nahiago, zebrabide erdian bada ere!

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide