Geltokia

Erabiltzailearen aurpegia Irati Marañon 2016ko aza. 11a, 15:48
Budapesteko Nyugati tren geltokia. /Alea

"Geltokira sartu eta hara non ikusi nituen barreiatuta, taldeka eserita"

Aurrekoan esan nizuen oso gustuko ditudala liburutegiak eta postetxeak. Beno, ba, tren-geltokiak ere gustatzen zaizkit. XIX. mendearen amaieran eta XX.aren hasieraren bueltan eraikitakoak maite ditut: burdinazko egitura handi horiek, ukitu historizista bat edo beste, art nouveau estiloko beirateak… Tren-geltoki bat irudikatzen dudanean, hori da burura etortzen zaidana. Fin de siècle estetika maite dugunontzat, bada, hiri paregabea da Budapest. Eraikin ederrez josita dago, eta bi tren-geltoki zoragarri ditu: Keleti, ekidaldean, eta Nyugati, mendebaldean. Iazko udan bere ezkontzara gonbidatu ninduen Budapesteko lagun batek, eta ospakizunaren aurretik pare bat egun izan nituen hirian atzera eta aurrera ibiltzeko. Halakoren batean, Keletira iritsi nintzen, geltokira sartu eta hara non ikusi nituen barreiatuta eta taldeka eserita hainbat lagun. Adin guztietakoak zeuden, baina gehienak familiak eta mutil gazteak ziren. Garai hartan ezer gutxi genekien oraindik Mendebaldeko txoko honetan errefuxiatuen dramaz. Nik orduantxe izan nuen haren berri, eta zaplazteko moduko bat izan zen. Geltoki hura jomuga turistiko hutsa zen niretzat; iragan mende bateko dekadentziaren ikur bat bisitatzera nindoan. Haiek, ordea, premiak bultzatuta zeuden han, bizimodu miserable batetik ihesi, itxaropen apur bat emango zien tokiren batera joateko zain. Egoeraren injustiziak lur jota utzi ninduen. Ni ezkontzara joan nintzen, haiek han geratu ziren, eta auskalo non egongo diren orain.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide