Bidegorriak gorri

Erabiltzailearen aurpegia Irati Iciar 2016ko eka. 3a, 12:30
Bizikletazale bat, Gasteizko El Pilar auzoan. / D. Mangana

"Azken aldian bizikleten bideek bestelako itxura eta kolorea hartu dute"

Konbentzioez osatutako munduan bizi gara, ez dizuet ezer deskubrituko hori esanez. Besteak beste, elkarbizitzan laguntzen dizkiguten arauak dira, hauetako asko idatzi gabeak, eta gure bizitza sozialeko hainbat aspektu hartu ditzakete. Horietako hainbat, gainera, forma eta kolorez osatuta daude: gorria arriskua, berdea seguritatea, semaforoaren hiru koloreak, marra txuriak lurrean errepidea gurutzatzeko...

Kasu oso berezi bat badugu, zeinetan konbentziozko kolore bat elementua bera definitu eta izena ematera iritsi den: bidegorriak, hain zuzen. Bizikletentzat prestatutako bidearen koloreak, bideari eta kontzeptuari berari izena eman dio. Hizkuntza gainditu duen terminoa izatera iritsi da gainera, nork esaten du ba gazteleraz carril bici esan daitekeenean el bidegorri?

Baina, azken aldian, bizikleten bideek bestelako itxura, eta kolorea, hartu dute. Marra laranjak, zuriak, bolardo txuriak, espaloian hasi eta bidegorrira doazen geziak... baina gehienak ez dira gorriak. Bizikletentzako bide hauek ere bidegorriak al dira?  

Hain daukagu barneratuta bidegorrien gorritasuna, gure hizkeran gauza nabariak edo halabeharrezkoak adierazteko erabili ahal dugula. Gauzak argi eta garbi utzi behar direla adierazi nahi duzunean, gaztelerazko esaera zaharra parafraseatu eta: "Gauzak argi eta [txokolatea lodia esan beharrean] bidegorria gorri". Solaskidea harrituta geldituko bada ere zentzua harrapatuko du, eta pixkanaka ohitura  sortzen joan gaitezke... Bidegorriak gorri, ez ala?

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide