INDARTERIA iñauteri giroko ikuskizuna · otsailak 24 ·21:00

2017/02/24 21:00

Andra Mari Zuriaren Plaza Araba |IKUS-ENTZUNEZKOA

Ikuskizun honen bitartez, Indarra Kultur Elkarteko kideok inauteriaren lapurreta eragozten saiatuko gara. Izaki ilun batzuen aztikeriak inauterietako pertsonaia zenbait lozorro sakonean sartu ditu. Indarrako kideok, dantza eta musikaren bitartez eta Hartzaren laguntzarekin, inauteriaren ospakizunerako ezinbestekoak diren pertsonaia hauek berpizten saiatuko gara, modu honetara biziaren zikloa berrezartzeko beharrezkoak diren jai eta errituei bide eginez. Urteak daramatza Indarra Kultur Elkarteak iñauteri ostiralez bere kabuz ekoizturiko kale-emanaldia eskainiz. Lau ardatz nagusitan oinarritu ditu emanaldi hauek: Euskal Herriko folklorea eta iñauteri errituak, sormen berria, autoekoizpena eta elkarteko kide ororen partaidetza. Elementu hauek oinarri hartuta sortu zituen bere garaian "Godaleta", "Sasi guztien gainetik" eta "Naturaren indarra" bezalako ikuskizunak. Elkartearen baitako auzolanaren adibide dira ostiral honetan parte hartuko duten 120 kideak. "Indarteria" ikuskizuna emango duten hirugarren eta azken urtea izango da aurtengoa. Ez galdu beraz emanaldia ikusteko azken aukera! Gogoratu: Andra Mari Zuriaren plazan iñauteri ostiralez, otsailak 24, 21:00etatik aurrera. Gora iñauteria!!!

Euskal Herria eta Kataluniako makil dantzen emanaldia eta dantza-plazana

2016/06/24 20:00

Sefarad plaza (Judimendi) Araba

Makil-dantza, makil-joko, paloteau, trokeo-dantza, brokel-dantza, espata-dantza... Euskal herrian lekuan-lekuko hainbat dantzen izenei loturik dauden hitzak dira hauek, baina ba al da horrelakorik gure mugetatik at? Zenbait etnograforen iritzitan makil dantzek neolitikoan dute beren jatorria eta uzta bilketa eta lurraren emankortasunari eskainiriko erritoekin edukiko lukete lotura. Musika tresnen erabileraren aurretik makil soilen kolpeen erritmoek sortuko zituzten musikaren oinarri zaharrenak. Hau izan daiteke, makil dantzek izan duten bertuteetako bat, musikarik gabe ere dantzatzeko aukera baitago makil kolpeen abarrotsarekin bakarrik. Makil jokoek XVI mendetik aurrera garapen berezia izan zuten garaiko antzezpen pastoralei lotuta eta eten gabeko moda, moldaketa eta berrikuntzei egokitzen jakin dute gaur egunera heldu diren arte. Pastoral haiei loturiko beste hainbat elementu desagertuz joan badira ere makil dantzek bizi bizirik diraute europako folklorean. Ekainaren 24ko arratsaldean, Judimendin ikusiko dugun bezala Katalunia ere aberatsa da makil-dantzen interpretazioari dagokionean. Bartzelonako Bastonera Eixample, Eskuernagako Kaxkabarra eta Gasteizko Indarra dantza taldeek makilekin egiten diren dantzak oinarri izango dituzte eskainiko diguten emanaldian. Honen ostean publiko guztiak, dantzan jakin edo ez, parte hartu ahal izango du antolatu den dantza-plazanean.

Indarra Eguna 2016

Erabiltzailearen aurpegia INDARRA Euskal Kultur Elkartea 2016-03-07 14:26   Kultura

Indarra Eguna 2016

Datorren larunbatean, martxoak 12, Indarra kultur elkarteak bere hirugarren Indarra Eguna ospatuko du.