alea.eus

Afitxak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2017-01-26 17:19   Iritzia

"Arabako gazte gidari babazorroek zuzen ekin diote bideari".

 

Teknologia berrien eta sare sozialen garai hauetan ez ei dago modan ekitaldi bat antolatzeko kartel bat itsastea herrietako horma edo tabernetako iragarki-oholetan. Dagoeneko whatsapp mezu batek 100 kartelen oihartzuna omen. Facebook-en ekitaldi bat sortu, ziber-lagunak gonbidatu eta jaia ziurtatuta, antza.

Gu ere segapotoaren pantailatik begirada kendu ezinik ibiltzen gara, sarean kateatuak aspaldi; baina afitx txikiz edo karteltzarrez inguratuta jaio ginenez badugu garatua kartelengan arreta jartzeko nolabaiteko begirada periferikoa kalean alde batetik bestera gabiltzanean.

Atzokoan halako batek erakarri zuen nire arreta. Kartel normala zirudien, koloretsua bai, baina diseinu ikusgarririk gabea. Hala ere, aukeratutako lekua, lelo nagusia eta irudiak bide, irakurtzera hurbildu nintzen.

Gaztea, arabarra eta euskaltzalea. Bai, eta zer? zioen afixaren lelo nagusiak probokazio puntu garbiaz. Eta azpian larunbat honetarako, urtarrilaren 28rako, prestatu duten egitarau mardula: aurkezpenak, mintzodromoak, bertso-saioa, bazkaria, musika… Arabako, zortzi kuadrilletako, gazteak bilduko omen dira elkar ezagutzeko eta euskararen alde egiten dituzten esperientziak trukatzeko. 

Euskalgintzan bideguretzeez eta biribilguneez hausnartzen ari garen bitartean, trafikoa nola araupidetu eztabaidatzen ari den momentu honetan, Arabako gazte gidari babazorroek hartu dute irteera bat eta zuzen ekin diote bideari. Bejondeiela!

Egiten duguna garela diote; plaza erdira etorri eta lekuaz jabe daitezela.

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa