alea.eus

Azokara joateko beldur

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2015-11-24 01:00   Iritzia

Iñaki Lazkano

Frantziako kale, taberna eta diskotekeei darien odol usainak Europako bazterrak aztoratu ditu azken egunotan eta oihuka dabiltza goi-agintari gerrazaleak: gerra da, gerra da! diosku ozen frantziar presidenteak, eta Espainiako La Razón egunkariak bakearen ikurraz atondu du albistea. Si vis pacem, parabellum. Ez diot arrazoirik kenduko Hollande presidenteari, gerra dugu, gerrak gaitu.

 

Besterik espero genezakeen? Islamiar Ejerzitoko soldaduek ekarri dute gerra gurera, eta min ematen ditugu, jakina. Ala handia da eta euren basakeria handiagoa. Amorruak eta itsukeriak bihozgabe egin ditu, fanatiko eta hiltzaile gupidagabe. Nire ustez, zibilen aurkako erasoek ez dute inolako justifikaziorik ez Gazan, ez Sirian, ez Madrilen, ezta Parisen ere. Baina XXI. Mendean gaude eta gerrak jada ez dira lokalak, globalak eta asimetrikoak baizik.

Odol eta gerra usainak etxeko atarian ditugunean Tony Blairrek diosku akatsa izan zela Irakeko inbasioa, gezurretan oinarrituriko eraso-erabakiak hartu zituztela. Hauts haietatik basatza hauek.

Egin dezagun negar Parisko kaleetako hildakoak gogoan, baina ez ditzagun malko guztiak isuri, berriro ere izango baitugu hauen beharra. Tamalez, hau hasi baino ez delako irudipena dut, eta Sirian bezala azokara joateko beldur izango gara.

 

 

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa