Bart sobera ardo edan nuen

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Lazkano 2014ko aza. 1a, 01:00

“Bart sobera ardo edan” nuen zioen Ruper Ordorikaren kantak...Eta horrela egin genuen lagun kuadrilla eder batek.

 

Handik eta hemengoak elkartu ginen, edan, hitz egin, solastu, istorioak elkarri kontatu, baita gure hildakoak omendu ere.

 

Baginen malagarrak, gasteiztarrak, lagun siziliarra eta idazten dizuen eibartarra...

 

Ardoa edan, eta bakoitzak hildakoen pasadizoak ekarri zituen gogora…ze aberasgarria hemengo eta hango ohituren eta pasadizoen berri izatea!

 

Eta lagun sizilialarrak, ordu txikietan, kontatu zigun bere herrian, Palermon, hildakoen eguna, egun izugarria dela ume guztientzat.

 

Etxeko umeek sendiko hildako bati "oparia" eskatzen baitiote. Familiako hilotz-espirituak dira Olentzero Italia hegoaldean.

 

Sekulako eguna izaten zela gaurkoa, Domu Santu eguna, bere auzoko umeen artean. Ea etxeko espiritu eskuzabalenak zer ekarriko…

 

Gaur, altxatu naizenean, aje handi samarra izateaz gain, idazteko gogoa piztu zait, eta zuoi Hirinet.net –eko lagunoi, istorio hauek kontatzeko beharra.

 

Bada, zer eskatuko genieke gure hildakoei?

 

Horra hor galdera.

Bakoitzak hausnar dezala, etxeko hildakoari zer eskatu

 

Nik , behintzat, zera eskatuko nioke:

 

Mikel Laboak Artzeren hitzak “Bedeinkatua” kantuan ederto abestu  bezala...munduko emakume guztientzako duintasun eta berdintasun bizitza aberasgarria:

 

Bedeinkatua.

Santifikatua.

Hirugarren ordenako buruzagi ospetsua.

Herriaren zaintzailea.

Birtute guzien irudi eta Zeruko Erreinuen espilua.

Zu, mantxarik gabea.

Espirituz bezain gorputzez lehorra.

Zuhurtasunez josia.

Hitz ederren eta fortuna dezentearen jabea.

Zu, nunbaitetik etorria.

Profeten ahotsa.

Auzokoen kezka.

Zu, 35 urte luzez emaztea

Igande arratsaldetan etxeko lehiotik begira eduki zenduna

Emazte gaixoa.

Emazte iluna.

Emazte bizarduna.

Emakume leial batek merezi ta desio bezain gartsuki,

o doilorkeriaren haundia,

sekulan izorratua eta zure gorputzez gozatua izan ez zena.

Bere erraietako indar desesperatuen

birtutez santutasunetik aterea.

Aitaren hustelkeriaren kulpaz seme tonto batzuen ama izandua.

Ixil-ixilik urte luzetan bizitua

eta arratsalde hotz eta euritsu batean

ia inor konturatu gabe

hila eta hobiratua izan zena.

Zu, Maltako kaballeroa.

Prozesiotako zingurria.

Ohitura onen defentzailea.

Dantza zikinen etsai amorratua.

Neska-zaharren poz zimurra.

Agure okerren segurantzia.

Ilunpetako zomorroa.

Nagusi guztien zerbitzari parerik gabea.

X. mendeko itzala.

12 etxeren jabea.

Zimaurretako zizare koloregabea.

Santua.

Santua.

Guztiz santua.

Ahuzi konpontzaile trebea.

Zizeron berpiztua.

Grekoaren koadroetatik ateratako gizon magroa.

Sabiduriz eta zerrez beterik

munduko pekatuen aurrean oihu egiten duena.

Lapur galanta.

Astazakil paregabea.

 

Zure heriotzako egunean kanposantuko

harrek bazkatuko dute zimaur gozoa.

 

NERE HITZA EZ DEZALA

HAIZEAK ERAMAN

 

Amen.

 

Egilea: Iñaki Lazkano

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide