Belar txarrak

Erabiltzailearen aurpegia Iñaki Larrañaga 2016ko uzt. 27a, 17:41

"Ondorioztatu dute mesedegarriagoa dela naturari bidea egiten uztea".

Eztabaida piztu da Gasteizko berdeguneen itxura berriaren harira. Luze eta zabal hazi dira udaberrian belar txar eta sasiak. Zatar eta deseroso, diote. Utzikeria omen, oihana dirudiela hiriak. Gutxik dakite Udalak –Ingurumen Gaietarako Ikastegiak– nahita abian jarritako planaren ondorioa dela. Natura kosta ala kosta etxekotu behar hori baretzen doa hirian. Larrosik ez arantzarik gabe. Lorerik ez erlerik gabe. 

Bretainiako hiriburuan, Nantesen, antzeko politika darabilte. Belar txarrei eraso egin ordez, ondorioztatu dute, mesedegarriagoa dela naturari bidea egiten uztea; bioaniztasuna sustatzen du, kutsadura murriztu edota ura iragazi.

Indartsu egiten duten ezaugarriak ditu belar txarrak. Gai da lur idorrean sortu eta aitaren batean inguru guztia menperatzeko. Xenofobia ez da guztiz desberdina. Gasteizen, pozoiak sasia gelditu ez zuenez, hesitu egin zuten. Momentuz belar txarra bistatik kentzea lortu dute, baina zirrikituetatik barrena ihesean dabiltza adartxoak. Neurri berriak behar dira.

Belar txarra definizioz gizakiaren apetari ez dagokion lekuan hazten da. 1936 urrunean, lorezain usteko batzuek segarekin ebakitzea erabaki zuten. Alferrik. Sustraia da inportantea. 80 urte geroago, sastraka malapartatuak zaindu beharreko landare bihurtu dira. Izan ere, belar txarrak ez dira sekula desagertzen, norberaren irudimenean ernatu eta endredatzen direlako.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide