Gorrotoaren ironia

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2016ko ira. 29a, 10:35
Irudia: Jon Gil

"Lesbiaren esanahia, labur: poeta, intelektuala"

Sare sozialen inguruko eztabaidak ugariak dira aspaldian, defendatzaile sutsuen eta etsai amorratuen arteko borrokak. Ez nator ni, gaurkoan, itsaso horretan sartzera, onurei zein arriskuei buruz hitz egitera, ez eta iritzi subjektiborik ematera ere. Kronika bat besterik ez da hurrengo lerroetan topatuko duzuna; hori bai, hausnarketa sakona egitera bultzatu beharko gintuzkeen kontakizuna izan daiteke.

Asko dira azkenaldian ospea lortu duten blogari eta moda adituak, horietako asko, gainera, sare sozialetatik telebistara jauzi egitea lortu dutenak. Bada bere neska-lagunarekin ezkondu berri den emakume ezagun bat, albiste eta artikulu anitz erakarri dituena. Boladan dagoen pertsonaia izatearen ondorioak berehala bizi izan ditu hark, agudo zabaldu baitira zeremonia zibileko argazkiak. Besteak beste, Facebook sarean argitaratu da albistea. Modan jantzia den celebrity baten ezkontzak badu nolabaiteko interesa, ezkongaien jantziak kuxkuxeatzeko besterik ez bada ere. Beraz, berria irakurtzeaz gain, gainontzeko irakurleen iruzkinak aztertzeari ere ekin nion duela pare bat egun. 

Deigarriak egin zitzaizkidan bertan topatu nituen hitzak, asko eta asko gorroto gordinetik eta irrazionaletik idatzitakoak baitziren. Horien artean, irainak, gaitzespenak, Jainkoaren hitza gorestearekin batera epaitzen zutenak… Tamalez, XXI. mendeko pentsamenduaren argazki hori ez da berria, eta harritu ere ez gara egiten jada. Jakin badakigu asko dagoela egiteko eta aldatzeko, borroka ez dela hasi besterik egin. 

Dena dela, gatozen harira. Jende mordoxka horren artean, nire arreta bereganatu zuten Lesbia izeneko neska gazte baten hitzek. Ez dut bere iruzkina zutabe honetara ekarriko, ez baitago nire helburuen artean bere diskurtso kakaztua berresatea. Nazkagarria egiten omen zitzaion albiste hura, bere fedearekin kontrajarrita zegoen mehatxua izango balitz bezala. 

Sarean arakatu eta… Hara! Lesbia izenaren esanahia eta jatorri etimologikoa topatu nuen bizkor batean. Honatx: "Egeo itsasoan dagoen Lesbos irlatik datorren emakumea. Irla hori Safos izeneko greziar olerkariaren menpe zegoen, beste emakumeei maitasun poemak idazten zizkien garaiko artista". Lesbiaren esanahia, labur: poeta, intelektuala. Hori da hori gorrotoaren ironia!

Lesbia, izen polita duzu. Izena bezain ederra izango bazenu izana…

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide