Banekien

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2015ko api. 30a, 02:00

Orojakilearen sindromeak harrapatu nau azkenaldian. Asko dakit, eta ez ikertzaile lanak egin ditudalako, informazioa gainera datorkidalako baizik. Badakit hark zer egin duen igaro berri dugun oporraldian: nora joan den, noiz, norekin, zein arropa jantzi duen bidaiak iraun duen egun bakoitzean, nolakoa den hartu duen hegazkinaren hegoaren itxura… Hori besterik ez balitz, gaitz erdi!

Haratago doa. Badakit bikote harreman hark porrot egin duela, eta aldi berean, beste bat maitemindu berri dela. Zer duen batek gustuko eta zer besteak gorroto. Zer egin duen gaur arrastian eta zer egiteko asmoa duen bihar. Zuzeneko emanaldia, lagunok! (sarrera doan). Aspaldiko lagun batekin egin nuen topo duela pare bat egun. Ustekabeko elkartzea kalean. Hilabeteak (edo urteak, akaso) bera ikusi gabe, beraz, normalena zatekeen elkarri kontatzeko makina bat berri izatea. Kontrara, ez zegoen nobedaderik. Bere lanpostu berriak sortzen zion zapore gazi-gozoa, bere ilobaren jaiotzaren inguruko lilura eta aurreko asteburuan egindako parranda izan ziren, besteak beste, esan zizkidanak. Harridura aurpegia jarri nuen arren, banekien. Zerbait banekien, bai. “Ez da egia izango!” esateko gertu ere egon nintzen, baina gezur potoloegia zen.

 

Banekien, berak halaxe jo baitzuen pregoia sare sozialetan. Presaz genbiltzanez, kafe bat hartzeko hitzordua jarriko genuela ere zin egin genion elkarri. Ez dakit, ordea, hurrengoan izango ote duen ezer berririk kontatzeko. Azken finean, banekien.

 

Testua: Haize Galarraga

Ilustrazioa: Jon Gil

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide