Tolerantzia zer?

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2015ko mar. 5a, 01:00

Haizea Galarraga

Irudia: Jon Gil

 

Azken asteotan Gasteizko eta inguruko txokoak apaindu dituen ekimen bat izan dugu gure artean: Tolerantzia Zero; Arabako Foru Aldundiak harrotasun handiz aurkeztu berri duen proiektua. 

Egun pil-pilean dauden bidegabekeriak salatzeko helburu duen proposamen horrek gizarte askatasuna zein berdintasuna goretsi nahi dituela dio. Has gaitezen...

 

Tolerantzia Zero fanatismoari. Hori da lehenengo kontsigna. Horren alboan, emakume islamiarren irudi bat, zuri-beltzean, burka gainean dutela. Fanatismoa beti da txarra, baldin eta besteen fanatismoa bada. Hori da hori auzokidearen etxean erratza pasatzea, gurea kakaz gainezka dugula ikusi gabe. Emakume islamiarrak gutxietsita daudela diote, eta horren aurrean zerbait egin behar dugula. Egia da, bai! Kristautasunak eta antzekoek ez dute eta emakumea menperatzen, gutxiesten, ahultzen... Haien askatasunaren aldeko omenaldia dela diote; bakearen alde borroka egitea edota birjintasunaren alde larrua jotzea bezala. Berdin-berdin.

 

Tolerantzia Zero emakumearen aurkako indarkeriari. Emakume jipoitu baten irudia alboan. Oraindik ere lan handia dugu indarkeria fisikoaz haratago doan hori tratu txar gisa ulertzeko; hala ere, betiko irudietan gatibu jarraitzen dugu.

 

 Tolerantzia Zero homofobiari. Irudia, noski, kanpokoa; homosexualak diren hainbat gizon torturatuta. Ea ba, hemen ez dago eta horrelakorik. Ala bai? Tolerantzia Zero mutilazioari (hemen ere istorio bera...).

 

Tolerantzia Zero agureen aurkako indarkeriari; irudia: hirugarren adinekoen egoitza bateko tratu txar fisikoak. Bai, ez dago eskubiderik! Hori bai, pentsioak jaistea eta pobreziaren amildegira eramatea ez da tratu txarra.

 

Herritarrak kontzientziatzeko aburuz sortutako proiektua dela aldarrikatzen dute. Ez dira, baina, konturatzen, gu oso kontzientziatuta gaudela eta goiko horiek direla kontzientzia apur bat behar dutenak.

 

Tolerantzia Zero, bai, baina horrelako ekimen merkeen aurrean!

 

 

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide