Hurrengo geltokia

Erabiltzailearen aurpegia Haizea Galarraga 2015ko ots. 9a, 01:00

Haizea Galarraga

 

Abetxukotik Angulemarako bidea egingo duen tranbia iritsi da geltokira. Oilar-jokoa bailitzan, elkarri ukondokadak emanez sartu gara barrura, eserleku bat lortzeko irrikan. Ingurura begiratu eta badirudi azterketa soziologiko baten partaide garela; izan ere, tranbian dagoen aniztasuna ezin topa genezake beste inon. Metro karratu gutxian halako nahastea! Lanera doana, parranda bukatu berri duena, tranbiako begiratzaileari ihesi dabilena…

 

Europara iristear, berehala hasi   dira lorategi bertikalaren inguruko txantxak eta haserreak bidaiarien artean. Bi adindun hitz eta pitz, Gasteiz osoak entzuteko moduan, bozgorailuen balioa gutxietsiz. Belauneko mina omen dute, eguraldi aldaketaren seinale (beharbada, leihoaren bestaldeko elur-bustia ere izango da nolabaiteko seinale). Nire ezkerraldean dagoenak, bestalde, goitik behera eta lizunkeriaz begiratzen dio aurrean duen emakumeari; tranbia seko geldituko ote den esperantzaz. Nazka.

Eta hainbeste elkarrizketen artean, burura datorkit: egingo al du norbaitek euskaraz hemen? Eta bat -batean, aita batek alabari: “Altxa hortik, jaitsi egin behar gara eta”. Irribarrea atera zait tupustean. Esperantzak dirau. Legebiltzarreko geltokian jaitsi aurretik, begirada gurutzatu dut nire parean eseri berri den mutil gazte batekin. Pentsakor begiratu nau. Ni ere izango ote naiz bere iritzi artikulu baten protagonista? “Tranbian eserita nago eta neska bat bere koadernoan idazten ari da. Zertan ari ote da?”

Bere idatziaren lehenengo esaldia.

 

 

Irudia: Jon Gil

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide