Gasteizko Jaiak 2016

GEU txosnak hamaika egunez girotuko du Gasteizko Aihotz plaza

Erabiltzailearen aurpegia GEU elkartea 2016ko uzt. 27a, 12:48

Iban Zaldua, Gasteizko Irakurle Klubaren sustatzailea, omenduko du aurten GEU elkarteak, ‘Buruari heldu’ sariarekin. Larunbatean zabalduko ditu ateak.

Larunbatean, uztailaren 30ean, irekiko ditu ateak GEU elkarteak Aihotz plazan kudeatzen duen txosnak. Hamaika egunetarako hamaika ekintza antolatu du Gasteizko euskara elkarteak, besteak beste, kontzertuak, dantza ikuskizunak, haurrentzako ikuskizunak eta tailerrak.

Inagurazio ekitaldian Iban Zaldua idazleari eta Gasteizko Irakurle Klubeko sortzaile eta sustatzailea nagusiari omenaldi egin zaio. GEUrekin mendira taldeko lagunek, iazko sarituak,  lekukoa pasatuko diote Iban Zalduari. Hilero, azken ostegunean, elkartzen da Gasteizko Irakurle Kluba Ignacio Aldecoa liburutegiko txokoan. Iban Zalduak, liburuak aukeratzeaz gain, liburuz eta diskoz betetzen du bileratxoa. Urteetan egindako lan isil horren garrantzia azpimarratu eta eskerrak emateko aitzakia da, besteak beste, sari hau.

 Asteburuan, musika eta haurrak nagusi

Txosna zabaldu ostean dantza emanaldia eskainiko dute Gasteizko Indarra eta Eivissako Colla de Sa Bodega taldeek eta gauean Matxete Rap jaialdian Kodigo Norte, La Basu eta Revolutionary Brothers euskarazko hip-hoparekin girotuko dute plaza.  Asteburuari amaiera emateko Kiki eta Koko pailazoak, haurrentzako tailerrak eta txokolatada osatuko dute ‘IGANDEAK JAI familia giroan euskaraz’ egitasmoaren saio berezia.

 Beroketa lanak

Abuztuko lehenengo hiru egunetan eta Zeledon jaitsi bitartean, ekintzek ez dute etenik izango Aihotz plazan. Astelehenean sagardotegi bihurtuko da txosna, pintxo pote, Ordago Folk taldearen kontzertua eta dantza plazarekin. Asteartean, berriz, ‘Kus-tumatxa’ izeneko serigrafia tailerrean, poltsoak eta kamisetak euskarazko leloekin apaintzeko aukera egongo da eta asteazkenean, Zeledon egunerako beroketa lanak egiteko, Eratu eta Astalapo taldeen kontzertuak antolatu ditu GEU elkarteak.

 Tumatxa da zurekin euskaraz egitea

Lelobila esaldi lehiaketan jaso ziren 40 esaldietatik ‘Tumatxa da zurekin euskaraz egitea’ izan zen bozkatuena, eta hortaz, txosnaren lelo nagusia aurtengo jaietan. Aurten ere, GEU elkarteko bazkide eta lagunek hartuko dute parte txosnako txandetan, orotara, 200 boluntariotik gora pasako dira txosnako barra edota sukaldetik.  Azken bost urteetan bezala hiriko euskalzaleen topagunea izango da Aihotz plaza Gasteizko jaietan.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide