Zain ezazu mendia!

Erabiltzailearen aurpegia Garikoitz Knörr 2016ko mar. 8a, 13:33

Hitzak itzuli ala ideiak itzuli? Hitzez hitzezko itzulpena (xede-hizkuntza nolabait bortxatuz —aberastuz?— bada ere), ala xede-hizkuntzaren adierazmolde ohiko, betiko, arruntei loturikoa?

Nola aurkitu bi joera horien arteko bidea, oreka hori bilatu nahi bada, edo bilatzerik badago behintzat? Izan ere, W. von Humboldtek zera idatzi zion A.W. Schlegeli, 1796ko gutun batean[1]:

Itzultzaile orok, nahitaez, bi oztopo hauetariko batekin huts egingo du: edo hurbilegi egongo da jatorrizkotik, bere herriaren gustuaren eta mintzairaren kaltean, edo estuegi atxikiko die bere herriaren berezko ezaugarriei, itzulgaiaren kaltean. Bien arteko erdibidea aurkitzea, zaila ez ezik, zinez ezinezkoa da.

Karlos del Olmok, Itzulpenera hurbiltzea. Zenbait errezeta (II) artikuluan[2], honela laburbildu zuen San Jeronimoren garaitik itzulpengintzaren teorialariak lanpeturik eduki dituen bidegurutze (eta, batzuetan, gurutze-bide!) hori:

Egile batzuen arabera, ideiak itzuli behar dira, eta ez hitzak. Hitzak itzultzearen aldekoek esaten dute ideiak itzuliz gero, itzulpengintzan errotik kenduko dela berritasun linguistik[o]rako bidea, etengabe joko delako lehendik zeuden esamolde edo egituretara. Bestalde, hitzez hitzeko itzulpena de facto desagertzen dela. Azken argudio gisa, hitzei jaramonik egin ezean, ideiak itxuragabetu eta, beraz, txarto itzul daitezkeela.

Bada, ideiak itzultze horren adibide muturreko bat dakarkizuet gaur hona. 

Hona hemen xehetasuna:

Argazkiak gure lehengusu Aritz Estarronak helarazi zizkidan, Apodakatik (Araba). Bertakoei galdetuta, 1980ko hamarkadakoa dela esan zioten, Zigoitiko orduko alkateak —Lapuente alkateak— jarri edo jarrarazia omen.

Gaztelaniaz, hauxe dio, beraz, seinaleak:

PROHIBIDO
PASAR VEHICULOS
HACER FUEGO CON LEÑA

Euskaraz, berriz:

ZAIN EZAZU MENDIA!

Stop. Hizkuntzaren ekonomiaren adibide ederragorik ere! Dena dela, jatorrizko itzulpenak bere xarma duela onartzen badut ere, neuk nola itzuliko nukeen galdetu diot neure buruari. Hona aukera batzuk:

Debekatua dago/Debeku da
Ibilgailuak igarotzea/igaroaraztea
Egurrarekin/egurrez(?) su egitea

Azkenik —batzuk ohartuko zineten honezkero—, seinaleak badu beste bitxikeria bat: «Arabako Foru Aldundia» dio behean, erakundearen euskarazko izena baino ageri ez dela, beraz. Baten bat sutan jarriko luke horrek, egurrik erabili gabe ere!

(Aurrenekoz 31eskutik.com-en argitaratua).

____________

[1] Hemendik hartua eta neronek itzulia: Wolf, Friedrich (1969). Technik des Übersetzens. English und Deutsch. Eine systematische Anleitung für das Übersetzen ins Englische und ins Deutsche für Unterricht und Selbststudium. München: Max Hueber, 32-33 orr.

[2] Senez 15 (1994).

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide