Ustelak lurpera

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2014ko ots. 27a, 09:26

Gaizka Amondarain

Garaia heltzean, lurrera erortzen lehenengoak arrak jotako sagarrak izan ohi dira. Han gero, denboraren poderioz lurrarekin bat egin arte, usteltzen hasten dira.

 

Ezer ez da kasualitatea. Ezta politikoen artean gero eta gehiago aireratzen ari diren ustelkeria kasuak ere. Orain inoiz baino argiago ikusten delako, hamarkadetan zehar funtzionatzeko modu bat izan dena. Sistemikoa. Sistematikoki gertatzen den zerbaiten ageriko tontorra. Erortzear den mokordoaren lehen punta. Demokrata eta kudeatzaile eredugarri izateko bete beharreko lehen baldintza. Berdin Aguraindik behera zein gainontzeko Euskal Herriko lurraldeetan ere. Jarri dezala gero lupa bakoitzak nahi duen lekuan. Pentsa dezala hangoak hemengoak baino larriagoak direla edo hangoek ez dutela gauzak egiterako orduan hemengoen elegantziarik eduki egundo. Ezkuta ditzala nahi duenak bere lotsak beste batzuenak zein itsusiak izan diren baieztatuz. Baina Nafarroa Garaiko azken lurrikara politikoa eragin duen ogasuneko zuzendari ohiaren agerraldiak denboran, Bizkaiko ogasuneko arduradun izandakoaren kartzelaratzearekin bat egitea, ez da kasualitatea. Eta berdin Gasteizko udalean, San Antonio kaleko alokairu eskandalagarriaren afera aztertzeko, martxan den ikerketa batzordearekin.

 

Ekuazioa sinplea da, hortaz. Baita letretakoa den batentzat ere. Instituzioetan zenbat eta denbora gehiago pasa, orduan eta kaka gehiago ezkutatzeko. Eta gurean, jakin badakigu nortzuk ibili diren azken urteotan Gasteizko eta Iruñeko gobernuak kudeatzen. Eta jakin badakigu, nahiz eta batzuk hori estaltzen saiatu, zer egin duten guztiona den diru publikoarekin. Beraien interesei begira, gutxi batzuen kontu korronteak potolotzeko alegia, herritarrontzat behar-beharrezkoak ziren proiektu erraldoietan xahutu sosak. Eta gero gerokoak. Eta horrela sortzen da navarrismoaren (han) eta jeltzaleen (hemen) familia eredugarri eta zoriontsua.

 

Aberastasuna, ordea, ur gazia bezalakoa da. Zenbat eta gehiago edan, orduan eta egarri handiagoa ematen du. Arazoa itsaso bete edan duzula konturatu eta eztarria bustitzeko ezer geratzen ez zaizunean dator. Orduan komeriak. Orduan ez pagotxa. Orduan, arrak jandako enborrari erortzeko zenbat geratzen zaion begiratzea baino ez zaizu geratzen.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide