Harria, egurra eta gardentasuna

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2013ko api. 29a, 02:00

Gaizka Amondarain

 

Hiru ezaugarri horiekin definitzen zituen Andoni Ortuzarrek, berreskuratu berri duten telebistako kate espainoleko saio batean, batzokiak. Bide batez, beraien alderdiaren izaeraren orubetzat jotzen zituen hirurak.

Harria, pentsatu nuen nik. Eta baietz, harriz betetako motxila bat dela PNV hau independentzia helburu dugun euskaldunontzat. Arestiren poemetatik urruti dabiltzala, porlanez eraikitako herria dela haien egia guztia.


Egurra, pentsatu nuen gero. Eta baietz, egurra ugari eta debalde banatu dutela azken urteotan haien polizia automatek ilegalizazioaren aitzakiapean (aitzakiarik behar ez dutela argi utzi badute ere). Hurbilegitik ezagutu dutela hemengo askok jeltzaleen doktrina, onak eta txarrak bereizteko ahalegin setatia. Horretan jarraitzen dutela oraindik orain.


Gardentasuna, pentsatu nuen azkenik. Eta baietz, aurreko asteburuan Berria egunkariak Estefania Beltran de Heredia barne sailburuari egindako elkarrizketa irakurtzea baino ez dela behar ikusteko nolako gardentasunez jokatu duten Urkulluren mutilek Cabacas auzian.


Harrotasunez aitortzen baitute jeltzaleek Neguriko bunkerretik, beste batzuk gerrara jolasten ibili diren urte hauetan guztietan, haiek herria eraikitzen jardun dutela, jo ta fuego. Eta Ortuzar eta Azkuna datozkit burura, kaskoa buruan dutela tunelen bat inauguratzen, herri eraikuntzan buru belarri. Eta amets gaiztoaren erdian esnatu izan banintz bezala ikusten ditut petronor paparrean idatzita daramaten elastikoak nonahi, eta euskalteleko laranja kolorea gure nortasunaren ikur orohartzaile eta horrela egiten dela herri bat handi. Eta Arzalluzen hitzak Lemoizkoa gertatu zenean. Eta Josu Jon bisera eta betaurrekoak jantzita Loiolako negoziazioetan euskaldunon interesak defendatzen. Eta urte batzuk lehenago Txiberta, eta are urrutiago Santoña. Eta good by spain baina zein estu lotu diren batzuk Madrilera, bertako poltronak galtzeko beldurrez. Eta Bostoneko kaleak buruz ikasi arte tematzen den telebista “publikoa”, notizia Donostiako Bulebarrean zegoenean. Eta iberdrolaren energia berdea, eta Zornotzako zentral termikoa, eta herri hau zulatzen ari den abiadura handiko trena, jakin gabe nor norekin lotuko duen, nork erabili ahal izango duen baldin eta bukatzeko gai badira. Horiek eta beste askok osatzen dute, orain atez atekoaren aurka hortzak erakusten ari direnen herentzia faraonikoa. Totem bat kromletxaren erdian, jeltzaleak desobedientzia aldarrikatzen eta besteei erreferendumak errespeta ditzaten exijitzen. Eta euskal identitatearen afera ikurrina paparrean jarrita konpontzen dutenak airoso kaleetan bitartean, urtean behin euskal (ala euskadiko esan beharko nuke?) selekzioaren partidak apur bat libreago egiten gaituela sinetsita. Eta nola torturatu zuten basatiki Berrozin ertzainek Xabier Kalparsoro Ardanzaren garaietan, handik egun batzuetara polizia nazionalaren eskuetan bere buruaz beste egin zuela esateko. Eta zein erraz baieztatzen duten batzuek oraindik euskararen ezagutzan helburua lortu dugula eta orain erabiltzea baino ez zaigula falta. Eta pixka bat es mucho, eta aurrera doan herria, eta zein ondo bazkaltzen den batzokietan, eta zenbat Barcenas txiki Alderdiaren baitan, 30 urteotan zehar patrikak loditzen.


Gardentasuna zioen Ortuzarrek telebistan, baina esango nuke, Sabin etxeako kristalek lauso xamar erakusten dutela bestaldeko errealitatea, gure telebista publiko berriak antzo.

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide