Zerbait egitearen plazera

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2012ko aza. 5a, 09:04

Gaizka Amondarain

 

Ordenagailu aurrean eseri naiz, ostiral bazkalondoko nagia gainetik kentzeaz bat, zerbait egiten ari naizenaren kontzientzia hartzeko edo. Beste aukera sofan eseri eta Klaudio Landaren aurpegiari begira apurka loak hartzea zen, eta horrek ere ez nau gehiegi motibatzen, egia esan. Zigarro bat erre dut, eta gero bestea. Barruak husten ari naiz, buruak uzten didan neurrian.

Bizirik nago eta zerbait egiteak ematen dit bizirik egotearen sentsazio hau. Banabil, beraz, banaiz. Kontraesan iraunkor batean bizita ere, kontraesanean ibiltze horrek narama nire izatea uneoro zalantzan jarri eta naizen hori adreiluz adreilu eraikitzera.

 

Erori banintzen, oinez nenbilelako zen eta oinez ibiltzeak pena merezi du, nahiz eta batzuetan erori. Esaldi honekin laburbiltzen du Eduardo Galeano idazle uruguaiarrak akatsez betetako bidea den gure bizialdia. Hanka sartu ez duenak egundo, nekez hartuko baitu denbora apur bat hurrengo pausoa eman baino lehen, norantz eman behar duen erabakitzeko.

Horregatik ernegatu izan nau hainbeste, betidanik, ezer egin ez eta zerbait egiten duena kritikatzeko joera duen jende klase horrek. Inguruan egiten den oro txarto dagoela esaten tematzen direnak, inguruan mugitzen ari den guztia okerreko bidetik doala baieztatzeko aitzakia txikiena ere behar ez duten horiek. Hori ez baita pertsona kritikoa izatea, hori zure burua beste guztien gainetik jartzea da. Ezer egin gabe egotearen plazeraz gozatzen ikasi nahiko nuke, baina aldi berean, ez dut aguantatzen ezer egin gabe egon eta dena deuseztatzera ematen den jendea. Ulertzekoa da une zehatz batean, etsipena sentitzea, bide zuzenetik zoazen zalantza egitea, baina eskerrak horretarako aukera dugun, bestela jasanezina litzateke gure existentzia bera. Erraza dena da, bestea, arerio politikoa zein zure bizilagun petrala, putakume bat edo fatxa bat dela esatea, hori bai, horretarako ez da izerdi handirik bota behar (eta batzuetan barne bakea ere eman diezazuke, aitortzen dut). Gauzak zalantzan jartzeaz gain, eraikitzen hasteko unea dela esango nuke, bide berriak ibiltzekoa, hanka sartu eta berriro atera, ondo egindakoak kontuan hartu eta okerretatik ikastekoa.

Zerbait egitearen plazera aldarrikatu beharko genuke, ezer egin gabe egonda beraiek irabazten baitute. Ez litzateke lelo txarra hauteskunde kanpaina baterako ere.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide