Sarean libreago gara

Erabiltzailearen aurpegia Gaizka Amondarain 2012ko mai. 14a, 13:48

Gaizka Amondarain

 

Aprobetxa nezakeen artikulu hau web orri berriari ongietorria emateko, eskainitako aukera eskertzeko, xanpain apur bat atera eta zuekin batera topa egiteko, Errioxako ardoa nahiago dudala esateko. Aprobetxa nezakeen Geu elkartearen eta bertan urte luzez ibilitakoen lana goraipatzeko, unibertsitate garaian nola ezagutu nuen kontatzeko, hiri honetan egiten duten lana beharrezkoa dela baieztatzeko.

Balia nitzakeen hitz hauek gure agintarien euskararenganako axolagabetasuna salatzeko, errudunak hatz bakarrez seinalatzeko, herri ekimenek gure hizkuntzaren normalizazioan duten garrantzia azpimarratzeko.


Egin nezakeen negar apur bat hitz hauetan euskaraz bizi nahi eta ezin duten horien guztien izenean. Atera nezakeen barruko amorru guztia nire hizkuntzan norbaitengana zuzendu eta nazka aurpegia jarri didan bakoitzagatik. Eman nezakeen baikortasun zantzuren bat paragrafo antzu batean. Izan nintekeen munduko ezkorrena, norbaitek errealista naizela aitortzeko behin irakurritakoan. Izan zitekeen zutabe hau udaberriaren metafora handiusteko bat. Ekar nitzakeen adituren baten hitzak lerrootara, nire ingurukoren batek kontatutako pasadizo barregarriren bat zuek entretenitzearren. Bete nezakeen artikulua –gintza, -kuntza eta bestelako atzizkiz, irakurlea nazkatzeraino gogaitu arte. Izan nintekeen Arabako bertsolari txapelduna bezain orijinala eta esaldiak errimetara makurtu, berak inoiz barkatuko ez lidakeela jakinda ere. Erabili nezakeen Lazarragaren esaldiren bat irakurria naizela aditzera emateko, pedantismoari gorazarre egiteagatik bakarrik. Saldu nezakeen produktua, atez ate ibiltzen diren beste horien antzera. Utzi niezaiokeen nire irudimenari nire izenean hitz egiten, beste bati nire lekuan idazten.

Buka nezakeen artikulua hasi dudan bezala, norbaitek ezer esan ez dudala aurpegiratzeko beldurrik gabe. Jarrai nezakeen idatziz; bidea pausoz pauso eta sarea zabalduz egiten dela esanez bukatzeko.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide