Nire gorputza, nire erabakia, nire haurtxoa

Erabiltzailearen aurpegia Emaize Sexologia Zentroa 2016ko api. 24a, 08:00

"Gure erditzearekin gustura sentitzeko, garrantzitsua da gure burua ondo ezagutzea".

Izenburuko lemaren atzean 2016ko Erditze Errespetatuaren Nazioarteko Astea dago, aurten maiatzaren 16tik 22ra ospatuko dena. 

Azkenengo hamarkadetan, erditze fisiologikoen aldeko bultzada ematen ari dira gure ospitaleetan. Hau da, ahal den neurrian, emakumeen erritmoa, gorputza eta premiak errespetatzearen aldeko neurriak hartzen ari dira. Hala ere, ez da  beti hala izaten, eta esku-hartze ugari ematen dira: presaka ibiltzeagatik, edota bere garaian profesional askok hala ikasi zutelako, sarritan erditzea medikalizatzen dute eritetxeetan. Aldiz, erditze fisiologikoa gure eskubidea da: geure gorputzari hitz egiten uztea eta geure erditzea izatea, inork bere egin gabe. 

Erditzeko jarrera ugari

Jarrera ugari har daitezke erditzearen aurrean. Adibidez, gure erditzeko unea heltzen denean, erantzunkizuna emaginen edo medikuen esku utzi dezakegu, hausnarketa handirik egin gabe. Kasu horretan, batzuk agian frustrazioa sentituko dute etxera iristerakoan, prozesu osoa medikuen esku utzi dutela sentitu dezaketeelako, eta emakumeak eta bikotekideak ez dutelako erditzea nahi bezala bizi. 

Beste aldean, badago ere bere erditzearekin lotuta oso ideia zorrotzak dauzkana, erditze “naturala” nahi duelako, “modan” dagoelako edo hoberena delakoan, baina norberaren errealitatean, izaeran eta beldurretan erreparatu gabe. Kasu horretan ere, frustrazio berdina sentitu daiteke “ideal” hori ez lortzeagatik. 

Aldaketak landu

Gure erditzearekin gustura sentitzeko, garrantzitsua da gure burua ondo ezagutzea: gure nahiak, beharrak, beldurrak... Eta gure barneko zerbait aldatzeko gogoa baldin badugu, aldaketa horiek landu, landu daitekeen zerbait delako sexualitatea. Modu horretan, gure erditzea modu zoriontsuago batean bizitzeko aukera handiagoa izango dugu, gure gorputzari hitz egiten utziz. Alegia, gure gorputzari, eta gure barrutik aterako den beste horren gorputzari, haur horren beharrak eta haur horren erritmoa entzunez eta errespetatuz. Egunen batean, haurtxo guztiek, bere lehen arnasa hartu baino lehen, bizitzeko plazerra eta beroa senti ditzaten.

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide