Bihotzez

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2015ko eka. 18a, 02:00

David Mangana

 

Artikulu hau hauteskunde atarian egin nuen, beti bezala presaka, eta tintontzian geratu zen azkenean. Lehenengo emaitzak ikusita, ordenagailuko argitaratu gabeko karpetan gorde nuen. Baina bizitzak, batzuetan, bigarren aukera ematen digu... Pozik loratzen dira orain, garai berri honetan, urtaro berriaren atarian, esan gabeko hitz haiek, geldiezinak diren sentimenduak bezain indartsuak.

Hor doaz, berriro…bihotzez.

 

 

Hilabete honetako artikulua eginda neukan. Beti bezala, berandu. Eta beti bezain korapilatsu. “Zerbait ezberdina egin!”, esan nion neure buruari. “Arinagoa, dibertigarria…eta bihotzez”.

Oso originala naizenez, Marotori buruz idaztea pentsatu nuen.

 

Ohartxo mentalak idazten hasi nintzen:

-gaur egungo langileen moduan, Marotok bi lan dauzka, Udalan eta Legebiltzarrean…hilaren bukaerara lasai ailegatzeko.

-irudia zaintzen du; entzun dudanaren arabera, elkarrizketetan argazkiak behin eta berriz errepikatzeko eskatzen du, pose perfektua lortu arte.

-pijama berdea eta Gasteizko banderaz egindako maindirea dauzka (hori irudimenak esan zidan).

 

Gero, hitz-joko zale amorratua, izenburuaren bila joan nintzen…

(Egia esanda, hori izan zen egin nuen lehena).

Batzuk agertu ziren bat-batean:

-Marotov koktela. Ildo horretatik azalduko nuke berak nahi duen hiri gelditua, beti berdina. Nahasketarik gabeko munduko koktel bakarra. Guinness errekorra!

-Marot doktrina. Gakoa Gasteizen, lau urtez, bere agindua zigor luzeegia eta gehiegizkoa egin zaigula izango litzateke. Nola ateratzen da marrotonda horretatik?

-Arbi eta ez garbi. Sariak nahi ditu. Ospea besterik ez. ‘AL-katea’ irekiko luke gustura telebistan. Berdin hiria, berdin hiritarrak. Gasteiz tranpolina, ahalik eta lasterren etorkina izan nahi du Madrilen. Vladimir Nabokov da bere idazlerik kutunena (irudimenak hitz egiten zuen, berriro).

 

Pentsamendu horiek guztiak buruan, hala ere, sentsazio bat inposatzen zen.

Bihotzez, nahi nuen bezala.

Idazten dudan bitartean musika entzuten dut beti. Baina kasu honetan musika barne-barnetik iristen zen. Egun batzuk barru abestu nahi dudan…dugun musika.

“Adiós con el corazón

que con el alma no puedo…”.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide