Antilopeok

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2013ko api. 8a, 09:31

David Mangana

 

Erraza da. Errazena. Erra...ezina.

Bizitzaren isilekoaren bila, bizitza erdia isilean joaten zaizu. Dena korapilatuz galtzen duzu haria, nahiz eta galderarik garrantzitsuenak beti hitz gutxirekin erantzuten direla jakin.

“Zer duzu nahi?”.

Nahi, ai, ai!. Kontuz zoaz. Badakizu ondo erantzuten baduzun, dena egina dagoela, baina huts eginez gero...Gogoratu Santa Teresarena: “Gehiago negar egiten da eskariak betetzeagatik ez betetzeagatik baino”.


“Zoriontsua izan nahi dut”, erabakitzen duzu. Primeran! Esan dizut erraza dela. Errazena. Erra...ezina.


Zer? “Nola”, diozu? Txantxetan ari zara? Bizitzak aurrera egin du eta ez dakizu oraindik zer nahi duzun, zer gustatzen zaizun, zerk egiten zaituen zoriontsu? Beno, lasai, lasai, elkarrekin errepasatuko dugu. Ez, ez, utzidazu asmatzen...


Maitasuna gustatzen zaizu. Laztanak, begiradak, keinuak. Konfiantza, enpatia, naturaltasuna. Zer ondo dakizun atsegin duzuna!


Barre egitea. Gustatzen zaizu izugarri! Irri egiteak asetzen zaitu. Gorputza birjaiotzen da. Arima berpizten da.


Gauza berriak. Jendea. Lekuak. Ideiak. Zenbat eta gehiago probatu, orduan eta gehiago nahi. Non zeuden ezagutu baino lehen?


Justiziazalea zara. Bidegabekerien kontra lan egiten dutenak dominik gabeko heroiak iruditzen zaizkizu. Edozein gauza merezi dutenak.


Une kutunak. Gauza horiei guztiei buruz pentsatzeko erabiltzen dituzun momentuak. Politenak dira. Zeure zeureak direlako. Beti zu zeu izan eta izango zarela dakizulako.


Zer moduz? Nirekin bat zatoz? Aparta naiz, ezta? Uste duzu 'Redes'en kontratatuko nautela? Punseten kizkurrak falta zaizkit, bai.


Beno, orduan? Zergatik oraindik hemen? Burumakur zaude. Eskura duzu zure zoriona, atearen bestaldean. Zoaz! Zergatik isilik? Isilik geratzen dira antilopeak, arriskua nabaritzen dutenean. Zu isilekoaren jabea zara!

Zer? “Nola”, esaten duzu berriro? Erantzun handiegiak eraztun txikiegian! Onartu altxorra! Altxatu burua! Ezin duzu? Beno, lagun, ez kezkatu. Ulertzen zaitut. Ondorengo hau egingo dugu: hartu kolorezko errotuladorea.eta ondo-ondo azpimarratu, ez ahazteko.


Maitasunez lepo bizi izateko, maite izan. Edozein modutan. Laztanak, begiradak, keinuak. Konfiantza, enpatia, naturaltasuna. Ondo dakizu bakoitzak zer atsegin duen.


Barre egiteko, barre eragin. Besteen barreek zuregan isla aurkituko dute.


Alde ezezagunak erakutsi. Berria zara. Dena azaltzeko eta dastatzeko prest. Jendea, lekuak, ideiak.


Bidegabekeriei aurre egin. Ozenki. Beldurra sortzen dutenek dar-dar egin dezaten.


Hitz gutxirekin erantzuten dira galderarik garrantzitsuenak, ezta? Baina behin eta berriro entzun behar ditut. Esan behar diot neure buruari. Agian horregatik idazten dut. Eskemak behar nituen beti ikastetxean, soberan dagoena baztertzeko. Galdetu eta erantzun. Azpimarratu. Oso erraza da. Errazena. Erra...ezina.


Orduan, zergatik ez dut ondo egingo behingoz azterketa? Ez duela ezertarako balio pentsatzen dudalako? Sakonean, neure burua ezkortasunak jota egotera bultzatzen dudalako? Nekeak irabazten didalako? Eskariak betetzearen beldur naizelako? 'Militantzia' hitzak dauka gerra hondar hori, beti borrokan, gudu zelaian egotea iruditzen zaigulako, gauzak behin eta berriro bultzatzeko beharrean. Onartu dut. Hori da aukera bakarra. Nahiaren mantra bizitzaren musika bihurtzea. Galderekin eta erantzunekin pozik dantzatzea. Horregatik errepikatzaile zintzoa izaten saiatzen naiz. Hurrengo azterketa prestatzen ari naiz aurretiaz, badaezpada, maitatuz, barreari kilikatuz, gauza berriei adi egonez, gaitzari ez ikusiarena ez eginez..


Une batzuk baino ez dira. Geureak. Beti geu izan eta izango garela dakigulako.


Isilekoaren bila ez dago isilean egoteko astirik.


Goazen antilopeok!

 

 

 


ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide