Ahoa bete...

Erabiltzailearen aurpegia David Mangana 2013ko ots. 7a, 01:00

David Mangana

 

Ez ditut gogoratzen txikitako lotarako ipuinak. Bakarrik 'jesusito de mi vida, eres niño como yo' hura. Zer espero ahal dugu Peter Panen sindromeak jota dagoen haur amaigabe horrengandik?

Telebista itzali berria da eta hemen nago ni. 625 lerroko ispiluan ikusten dut neure burua, harrapatuta. Beldurraren beldur.

Burmuina beti huts.

Ahoa bete hortz.

Maiteminduta nengoen telebistarekin. Nola esan? Nire hezitzaile paraleloa izan da. Seme edo alaba bakarren arriskuetako bat da, eta onartzen dut niregan izan zuen indarra. Ez dut ukatzen eragin hori. Are gehiago, ondo etorri zait, nahiz eta begiek, nekearen nekez, gauza bera ez esan.

Ez da batere berria telebista kritikatzea. Aspaldiko taktika intelektuala da, beti eskua kokotsean  eta handikeria begiradan.

Baina telebista ez da telebista dagoeneko.

Hartuko dut klasikoa den eredu berri bat: hau da, Internet. Interneteko pantailan, gutxienez, erantzuteko aukera dago. Begiratzen gaituzten arren -kaixo, CIAren jauna-, hartzaileak erakutsi diezaioke iritzia igorleari.

Orain norbaitek esango du urrutiko agintearena. Erabakitzeko aukerarena.

Ez dut onartzen zappingaren aitzakia. Hori ihesa besterik ez da.

Aukerak eta eskubideak nahasi egiten ditugu behin eta berriro.

Jauzi egiten dugu katez kate, ikus-entzunezkoan galduta. Aseguruak saltzen dituen albistegiaren aurkezletik -hau objektibitatea- fikzio bihurtutako milagarren egiazko-lehiaketa faltsura. Bi egunen ostean gehiago jakingo ez dugun gerratik hamaika aldiz bota duten telesailera. Duela hilabete bat politikari bat ikusi genuen ordurako egin gabeko adierazpenak erantzuten. Hedabideen eskaleta hankaz gora ipini zuen, berehalakotasun garaikideak gaixotuta.

Hori ikusita, telebistan dokumental lasai hasi berri bat hartzen badugu, galzorian dago betiko krokodilo nilotarra. Dokumentalaren lehenengo kredituen erdian hogei kate haratago egongo gara, ergel baten entzule. Milaka aurpegitako ergel baten morroi.

Helduleku bila goaz. Bostehun kate baditugu, bostehunak zeharkatzen ditugu, isiltasunaren beldur. Oxigeno bila goaz. Era berean, bostehun euroko lana eskaintzen badigute, bostehunak onartzen ditugu, hipotekaren beldur. Beldurraren beldur.

Onartzen ikasi dugu zintzo-zintzo.

Aukerak eta eskubideak nahasi egiten ditugu behin eta berriro, behin eta berriro...

Un, dos...¡Antena 3!

Bat, bi...diru!

Katez kate lotzen gara. Katebegiak dira begi kateatuak. Ondo erakusten du 'The shock doctrine' dokumentalak, Naomi Kleinen liburuan oinarrituta. Kapitalismoari buruzko ikerketa zuzen-zuzena da -pila bat daude-, aspaldiko telebistaren moduan egindakoa, gainera, urratsez urrats azalduta. Zergatik jauzi hori orain?, pentsatuko duzue. Eta zer da telebista kapitalismoaren aterik zabalena baino?

Mitinik handiena. Garaiotako heziketa publikoa, murrizketarik gabe.

Telebista itzali berria da eta hemen nago ni. Non daude heldutako lotarako ipuinak?

Hots bat entzun dut kanpoan eta leihora ailegatu naiz. Auzoa. Gustatzen zait, asko. Saioz beteta dago beti, benetako jendez lepo, denak batera aurkeztuta. Hala ere, orain patioan ez dago ezer. Iluntasunaren isila da nagusi, baina ez naiz horren beldur. Gogorarazten dit telesaio japoniar hura. Arrainontzi batek betetzen zuen pantaila. Igerilari gorri bat zeukan protagonista.

Arrainontzian. Telebistan.

Bietan giltzapetua.

Gudu gorria.

Leihoan aurkitzen ditut begiak. Telebista baten neurria dauka leihoko markoak. Telebista berriaren beharrean nago aspalditik. Plasma izugarria erostea erabaki dut. Hamaika film daukat disko finkoan. Hamaika ikusteko jaioak garelako.

Pintza batek lo egiten du leihoaren koskan.

Pin-za-pin-za-pin-za-pin...

Telebista bihurtuko dut pantaila berria, leihoaren moduan.

Filmez gain, 'Auzolan' saioak izango du ikusle-kopururik handiena nire programazioan.

Aldaketak behar ditugulako geureari eusteko.

Za-pin-za-pin-za-pin-za...

Nola esaten zuen manifestaldi hartako kartelak? 'Ni naiz nire gosearen jabe'.

Lerro amaigabeko ispiluan ikusten dut neure burua, askatuta. Bizi-bizi.

Burmuina beti hor.

Ahoa bete...

Pin-za-pin-za-pin-za-pin...

Ahoa bete poz.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide