Gogoratzen?

Erabiltzailearen aurpegia Blanca Urgell 2016ko mai. 27a, 12:22

"Badakit nor den, zer egiten duen. Dena dakit, haren izena izan ezik"

Izenak ahanzten zaizkit. Hementxe daude, burmuinetako txokoren batean, batzuk aspaldi errotuta. Baina une batez ahanzten zaizkit. Zenbakiak ez, baina izenak bai. Agian lobulu parietal edo tenporalean kolpe itzela hartu nuen, baina hau ere ez dut gogoan. Estres uneetan edo nekatuta nagoenean gertatzen zait. Hots, maiz.

Behin, ikasleen aurrean, Julio Urquijo euskal filologiaren aitabitxiaren izena oroitu ezinik gelditu nintzen. Beste behin, seme-alaben izenak ere nahasi zitzaizkidan, segundu batzuez bada ere. Woody Allenen izena beeeeti ahazten zitzaidan, bidea asmatu nuen arte: Egurra! Woody!

Hauxe da nire bizimodua. Zer noiz ahaztuko. Nork zer pentsatuko duen nitaz burua hutsik gelditzen zaidanean, izen deabru hori, baboenak ere badakiena, neuronabideetan galtzen.

Ez dut ahaztu. Ezin dut ahaztu. Badakit nor den, zer egin duen, zergatik estimatzen dudan, edo zergatik ez. Dena dakit, haren izena izan ezik.

Etsi-etsian, neure burua arintzearren edo, pentsatzen dut zenbatetan ahanzten ditugun izanak, eta haiekin izenak ere, info-papurren mundu honetan. Eta zein erraza den izen horiek berreskuratzea, izanak interneti azaltzeko gauza izanez gero.

Berta Caceres. Precilia Correia. Laura del Hoyo Chamon. Asha Ibrahim Dhuhulow. Anabel Flores Salazar. Jose Ignacio Iruretagoyena. Farkhunda Malikzada. Juan Mañas Morales. Alexander Nash. Maria Pilar Quesada Araque. German Rodriguez Saiz. Javier Ignacio San Martin. Felipe Suarez Delgado...

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide