Errenta aitorpenaren kanpaina hasi du Aldundiak

Erabiltzailearen aurpegia Iker Aranburu 2017ko mar. 24a, 13:51
Aldundia hasi da 112.590 zergapekori aitorpenak bidaltzen. /Alea

Batez beste, 987 euro itzuliko dizkie dirua jasotzea dagokien zergapekoei.

Udaberriarekin batera, iritsia da 2016ko errenta aitorpena egiteko kanpaina Hego Euskal Herrira. Arabak abiatu du, modu agerikoan behintzat. Jada hasi da 112.590 zergapekori aitorpenak bidaltzen —%64 dira—, eta espero du haietako %80k ontzat hartuko dutela Ogasunak bidalitakoa. Aurten, lehen aldiz, sakelako telefonoaren bidez eman ahal izango dute erantzuna, apirilaren 3an hasi eta ekainaren 15era arte. Arabako Ogasunak ziurtatu du 48 orduko epean itzuliko diela dirua horretarako eskubidea duten herritarrei.

Aldundiak prestatutako aitorpena jasotzen ez dutenek, edo bidalitakoari uko egiten diotenek, apirilaren 11tik ekainaren 15era arteko tartea izango dute Ogasunarekiko betebeharra betetzeko, Ogasunaren beraren bulegoetan, edo bankuen bidez. Ogasunera jotzen dutenek ordua telefonoz edo Internet bidez eskatu ahal izango dute, apirilaren 7tik aurrera.

Errenta aitorpena ez ezik, ondare zergaren kanpaina ere aurki hasiko du Arabako Aldundiak: apirilaren 3an, hain zuzen ere. Jose Luis Cimiano Ogasun diputatuak azaldu duenez, espero dute 1.560 herritarrek ordaintzea zerga hori. Batez beste, 11.122 euro ordaindu beharko dituzte; guztira, 17,3 milioi euro.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide