Martxoaren 3ko kereila artxibatu izana salatuko dute Gasteizko epaitegien aurrean

Erabiltzailearen aurpegia Edurne Begiristain 2017ko ots. 15a, 13:40
Martxoak 3ko manifestazio bat

Martxoaren 2an deitu dute bilkura. Espainiako justizia gobernuaren "morroi" dela salatu dute Frankismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak eta Martxoak 3 Elkarteak.

Joan de otsailaren 1ean Gasteizko 3. Instrukzio Auzitegiak artxibatu egin zuen Arabako Batzar Nagusiek martxoaren 3ko gertaerengatik aurkeztutako kereila. Bost langileren hilketak "preskribatuta" daudela argudiatuta hartu zuen erabakia. Gaur, Frakismoaren Krimenen Aurkako Euskal Plataformak eta Martxoak 3 Elkarteak agerraldia egin dute epailearen erabakia salatzeko, eta jakinarazi dute elkarretaratzea egingo dutela martxoaren 2an, artxiboa salatzeko. Bilkura Gasteizko epaitegien aurrean izango da, 12:00etan. Andoni Txasko Martxoak 3 Elkarteko bozeramaileak azaldu du Espainiako "zigorgabetasuna" salatu nahi dutela, eta dei egin die herritar orori, eta bereziki sindikatu guztiei, bertan parte hartzeko.

Prentsaurrekoan salatu dute kereilaren artxiboak urratu egiten duela nazioartean indarrean dagoen giza eskubideen legedia, eta Gasteizko epaitegiaren autoak "zoritxarrez" agerian uzten duela justizia Espainiako Gobernuaren "morroia" dela. Jacinto Lara abokatuak dei egin dio Gasteizko epaileari aintzat har ditzala nazioarteko legediaren irizpideak, zeintzuen bitartez 1976an Zaramagako elizan hasi zen sarrasakia gizateriaren aurkako delitua den eta hortaz, ez duen preskibatzen.

Frankismoaren Krimenen Aurkako Plataformak eta Martxoak 3 Elkarteak adierazi dute ez dutela "etsiko" eta "justizia" egin arte borrokan jarraituko dutela. Euskal Herriko eta Espainiako auzitegietan administrazio kereilak aurkezten jarraituko dute, Bruselan eratu den lantaldean ere lanean segituko dute, eta ez dute baztertzen Estrasburgoko Giza Eskubideen Auzitegira jotzea, Espainian bide judizial guztiak agortzen badira.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide