alea.eus

Errioxa sor-markaren mahastiak "bidegabeki" banatu direla salatu dute

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016-12-27 16:50   Ekonomia

"Lursail handien jabeen alde" egin du Espainiako Nekazaritza Ministerioak, UAGAren eta EHNEren ustez, eta 2017rako irizpideak aldatzeko exijitu diote.

Errioxa sor-markaren mahastiak "bidegabeki" banatu direla salatu dute
Arabako Errioxako mahastiak. Arg: PHOT.OK | Ikusi handiago | Argazki originala

Mahastiaren banaketak "haserrea" eragin du aurten COAGen elkartutako sindikatuen artean. UAGA (Araba), EHNE (Nafarroa) eta UAGR (Errioxa) sindikatuek salatu dute "modu bidegabean" banatu dituela Nekazaritza Ministerioak Errioxa sor-markarekin ekoizteko baimena duten hektareak. Mahastien kopurua handitu egin da 2016an, eta gehiago handituko da Europan egindako PACaren erreformaren ondoren.

"Mobilizazioak egingo ditugu edozein ondorio dagoela ere", esan du Luis Torres UAGRko koordinatzaileak, 2017rako irizpideak ez badituzte aldatzen. "Mahastiaren liberalizazioaren alde beste koska bat igo dute, eta borrokan jarraituko dugu horri muga jartzeko".

COAGeko sindikatuek gaitasuna duten benetako profesionalak nahi dituzte banatzen diren mahasti berriak gobernatzen, eta ez lursail handien jabeen testaferroak. Haiek baimena eskatzen dute berez mahastia ez den saila mahasti bihurtzeko, eta handik urte batzuetara jabe handien izenean jartzen dira, benetako jabeen izenean esan nahi baita.

Hamasei hektarea lortu dituztenak ere badira

2016an Errioxa sor-makaz ekoizteko 387 hektarea banatu ditu Madrilek, Errioxan, Arabako Errioxan eta Nafarroan. 5.512 eskaera egon dira, eta 5.030 onartu dituzte. Errioxan 362,7 hektarea eman dituzte, 21 Nafarroan eta bakarrik lau Arabako Errioxan. EHNEko Arberto Sainzek esan du 120 hektarea hamasei eskatzaileren artean banatu direla iragarri dutela. "Gure haserrea zergatik den argi dago, beraz". Larrea mahasti bezala pasatu dutela dio Sainzek.

Alabaina, nekazari gazteek, ardoaren munduan trebatuak oso, bakarrik 1.000 metro baino ez dituztela eskuratu diote COAGeko sindikatuek. Hau da, Errioxa sor-markan benetan trebatutako profesional gazteei apenas eman dieten aukerarik, eta jabe handi askok, berriz, hogei hektarea inguru lortu dituzte.

Madrilek "aldrebeskeria hau" alda dezan nahi dute COAGekoek, eta 2017rako egin dezan nahi dute; "ez dugu entzun nahi ez dagoela denborarik horretarako". 65.000 hektareatako 16.500 kartilla daude, eta horrek ematen du lau hektarea kartillako; "bada, hogei hektarea lortu dituzten hainbat eskaera daude". 2017rako irizpide horiek aldatzeak ahalbidetuko luke mahasti berriak nekazari gazteen eskuetara joatea, salatzaileen arabera. Aurrerantzean nahi dute Errioxa sor-markarekin ekoizteko eskaera bakoitzean profesional batek eskatzen duela erakutsi behar izatea, ardoaren benetako profesionalak direla segurtatzeko

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa