Aker joatea falta da soilik

Erabiltzailearen aurpegia Berria 2016ko abu. 5a, 10:18
Bi urterako fitxatu du Baskoniak Sito Alonso. /Baskonia

Laboral Kutxa Baskonia taldea guztiz eraberritzen ari da datorren sasoiari begira, beste behin. Josean Kerejetak eta haren taldeak lan handia dute oraindik, gauza asko zehazteke baitaude.

Laboral Kutxa Baskonia batez ere bi berezitasunengatik sartu da saskibaloizaleen oroimen kolektiboan: bata, Baskoniaren izaera da, errenditu hitza taldearen hiztegitik at uzten duen grina; bestea, jokalari onenak joanda ere taldea eraberritzeko gaitasuna da. Bada, Josean Kerejeta presidentea eta haren taldea horretan dabiltza berriz ere, beharrak eraginda.

Denboraldi ona osatu ondoren, taldeko jokalari onenek alde egiten dute, aukera eta kontratu hobe batzuen bila. Ekonomikoki talde indartsuenen parte egon gabe, ez dago horri ihes egiterik, lege unibertsala baita. Iragan sasoian Europa osoa txunditu ondoren Baskoniatik joan direnen zerrenda ez da ilara bakarrean idazten: Velimir Perasovic entrenatzailea, Agusti Julbe laguntzailearekin batera, Efesera joan da; Ioannis Burusis eta Mike James Panathinaikosen ariko dira; Darius Adamsek Txinara alde egin du, NBAn ez baitu tokirik topatu; Davis Bertansek bai, eta San Antonio Spursen jokatuko du; Fabien Caseur kapitaina izan da taldea uzten azkena, eta Alemaniako Brose Basketsekin sinatu du. Horiez gain, Darko Planicicek Kanaria Handian jokatuko du datorren sasoian; Alberto Corbacho Obradoirora itzuli da; Michael Rolli ez diote kontratua berritu, eta Mamadou Diop bere bidea egitera irten da taldetik.

Baskonian jarraitzen dutenen zerrenda, hortaz, txikia da: Toko Shengelia, Adam Hanga, Jaka Blazic, Ilimane Diop eta Kim Tillie. Eta Diopen inguruan ez ezik, besteen gainean zurrumurruak entzun dira, batez ere Hangaren eta Shengeliaren harira. Hungariako hegalekoa Bartzelonarekin lotu dute azkenaldian, eta Georgiako hegal-pibota, Panathinaikosekin.

Taldea berregiten

Joandakoak joanik, Gasteizko taldea datorren sasoia prestatzen ari da, entrenatzailearekin hasita: Sito Alonso bi urterako fitxatu du Baskoniak, Bilbo Basketetik —bi denboraldiz egon da Bilbon, eta aurrez beste hiruz Donostian, GBCn—. Haren aurretik, ordea, Johannes Voigtman pibota iritsi zen taldera. Alemaniarrak 23 urte ditu, eta 2.11 metro da luze. Alemaniako ligan jokatu du azken denboraldian, 11,4 puntuko eta 5,5 erreboteko batez bestekoekin, eta bere herrialdeko selekzioarekin aritua da dagoeneko.

Iristen bigarrena Rafa Luz joko antolatzailea izan da. Brasildarra da, 24 urtekoa, eta bi denboraldirako fitxatu du. Aurrez Espainiako ligan aritu den arren —Obradoiron, Alicanten eta Unicajan—, azken sasoian bere herrialdeko Flamengon jokatu du, eta liga irabazi, bide batez. Rioko Olinpiar Jokoetan izango da, eta Baskonian ariko den laugarren brasildarra izango da. Fitxaturiko hirugarrena Rodrigue Beaubois da; NBAn esperientzia du, 182 partida jokatuta baititu Dallas Mavericksekin. Frantziako Estrasburgo taldean jokatu du azken sasoian; bi urteko kontratua sinatu du, eta 28 urte ditu. Joko antolatzailea den arren, eskolta aritu da gehienbat azken denboraldian. Haren zenbakiak ez dira makalak izan: 16,2 puntu sartu ditu batez beste, hiruko jaurtiketetan %49 asmatuz, bikoetan %57,4, eta jaurtiketa libreetan %88,7.

Sonik handiena, dena dela, Laboral Kutxa Baskoniaren laugarren fitxaketak izan du: Andrea Bargnanirenak, hain zuzen. NBAn hamar urteko esperientzia du —2006ko draftean lehen postuan aukeratu zuen Torontok—, eta taldeko izarra izateko etorri da. Toronto Raptorsen, New York Knicksen eta Brooklyn Netsen jokatu du, guztira 14,3 puntuko eta 4,6 erreboteko batez bestekoekin. Hegal-pibota da, eta jaurtiketa du armarik onena, baina, ziurrenik, pibot postuan jokatuko du gehien —2,13 metro luze da—. 28 urteko italiarra ere bi urterako fitxatu du Baskoniak.

Inoiz baino partida gehiago

Taldea ez dago osatuta oraindik, inondik ere. Inoiz baino jokalari gehiago beharko ditu Sito Alonsok datorren sasoiari aurre egiteko, Euroligako formatu berriak partida gehiago eta atseden gutxiago ekarriko baitizkio taldeari. Euroligatik diru gehiago jasotzeak ere talde luzeago bat eratzeko aukera emango du, baita babesle berriak ere —oraindik negoziatzen ari dira—. Kerejetak azaldu zuen aurtengo denboraldian 14-15 jokalariz osatutako taldea eduki nahi zuela, gazteak barne, baina baliteke hainbeste ez izatea azkenean. Halere, Tadas Sedekerskis Baskonian geratuko da ia ziur, bere kupo egoera baliatuz. Hegalekoa da, lituaniarra; 18 urte ditu, eta harrobiko harri bitxietako bat da. Geldi daitekeen bestea Daniel Bordignon da. Ordea, brasildarra izanik, ez da kupoa, eta horrek aukerak murrizten dizkio. Hasieran, Urrezko LEB ligan talde bat edukitzea zen Kerejetaren helburua, eta horrek baldintzatuko du gazteen egoera.

Kontu horiek alde batera utzita, Sedekerskis barne, bederatzi jokalari ditu egun Baskoniak; beraz, hiruzpalau fitxaketa falta dira; kanpoko lerroan daude hutsune gehien —barneko bost jokalari ditu—, eta oraindik lan handia du Kerejetak. Lehen helburua Gasteizen egingo den Superkopa izango da, eta ordurako taldea ostaturik edukitzea komeni da.

Bestalde, Abdul Jeelani jokalari ohia hil da, 62 urterekin. Hiru sasoi bete zituen Gasteizko taldean, 1985etik 1988ra.

Kazetaria: Aimar Esnaola Cuesta

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide