Balioa eman eta sustatu

Erabiltzailearen aurpegia Bai Euskarari elkartea 2017ko mai. 10a, 10:00

Azken egunotan bueltaka gabiltza hizkuntza irizpideen gaiarekin Gasteizen. Izan ere eztabaida sortu du PPk, Gasteizko udalerrian ostalaritza eta merkataritza enpresa txikiak sortu eta modernizatzeko laguntza ekonomikoak emateko udal programaren harira.

Gasteizko udalerrian ostalaritzako eta merkataritza eta zerbitzu pertsonalen alorreko enpresa txikiak sortu eta modernizatzeko laguntza ekonomikoak emateko udal programak zenbait balioespen irizpide ezarri ditu eta 100 puntuko sistema baten barruan, Bai Euskarari edo Bikain dutela egiaztatzen duten enpresek 5 puntu lortzeko aukera dute. 100 puntuetatik, 5 baino ez.

PP sare sozialetan eta bere inguruko hedabideetan ari da neurriaren aurkako iritzia arduragabe zabaltzen. Gainerako irizpideak onargarriak iruditu zaizkie ez baitute, antza, ostalaritzako eta merkataritzako enpresarik baztertzen. Alabaina, administrazioak eta gizarte eragileok urte luzeetan euskara sustatzeko egindako inbertsioari balioa ematea, eta euskara baliatzen duten enpresak positiboki sustatzea eta saritzea ez zaie egoki iruditzen.

Aitortu behar dut normalean ez naizela sare sozialetako horrelako eztabaidetan sartzen, iruditzen baitzait zarata gehiegi ateratzen dela. Sare sozialetan eztabaida horietan sartzeak ekar dezake euskararekin lotutako gaiak marko diskurtsibo desegokien zurrunbiloan sartzea, batzuen intereserako euskara zalapartaren erdigune izatea beti. Aldiz, euskara, hizkuntzak oro har, ongizate eta elkarbizitza hobe baterako elementuak izan daitezke.

Administrazio guztien zerbitzu esleipenetan, dirulaguntza deialdietan eta era guztietako kontratazioetan, are gehiago lurralde honetan bizi garen pertsonoi zuzendutako zerbitzuak badira edo proiekzio publikoa badute, hizkuntza irizpideak ezarri,  baloratu eta aintzat hartu behar dira ezinbestean, irizpideak betetzen dituztenak sustatuz. Hizkuntzaren beraren garapenerako ezezik, elkarbizitzarako eta gure ongizaterako ere onuragarria da. Ez dugu ahaztu behar administrazioak gu guztion ongizaterako ari direla lanean, alegia, euskaraz bizi, euskaraz lan egin edo establezimendu horietan euskaraz kontsumitu nahi dugunon ongizatea izan behar dute jomugan. Horrela bada, zentzuzkoa da esatea, inolako zalantza izpirik gabe, gure ongizatean lehentasunezko funtzio esanguratsua dutela hizkuntzek eta administrazioek sustatu eta baloratu beharrekoak direla.

Beharrezko egin behar da euskara. Balioa eman behar zaio. Balorazioaren mailaketan eztabaidak egon daitezke. Kasu batzuetan, nire ustez, baldintza sine qua non izan behar da: gizarteari eskaintzen zaizkion kalitatezko zerbitzuetan, osasungintzan, justizian, hezkuntzan, ume eta gazteei eskaintzen zaizkienetan (kultur programazioak, ikastaroak, udalekuak, etab.). Horietan, euskara zerbitzu (eta lan) hizkuntza izan behar da.

Gainerako kasuetan, baloratu beharrekoa izan behar da, Gasteizen hizka-mizka sortu duen laguntza deialdiarena esate baterako, puntu batzuk emanez ziurtagiri bat duela kreditatzen duen enpresari edo, egokiena litzatekeena, puntu kopuru diferenteak emanez ziurtagiriaren mailaren arabera. Bide batez, ondo legoke alor horietan etorkizuneko erronkak, ibilbidea eta epeak ere proposatzea... Era honetako neurriak euskararen sustapena dute jomugan. Saritu nahi izaten dira euren negozioetan euskara aintzat hartzen eta balioa ematen dioten enpresak. Berdintasun egoeran, positiboki sustatzen dira euskara aintzat hartzen dutenak. Gogora dezagun, diru publikoaren banaketaz ari garela, gure zergetatik (euskal hiztunon zergetatik ere) ateratzen dena.

Honek guztiak berriz adierazten digu askorentzat normala dena, erdaraz egiten dela. Euskaraz baldin bada, beti markatua izango da. Askorentzat gaztelerak (frantsesak) segitzen du izaten hizkuntza eta errealitate bakarra, eguneroko errealitatea, normala dena. Zorionez, beste errealitate batzuk ere badaude eta kudeatu beharrekoak dira. Arduraz eta erantzukizunez.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide