alea.eus

Nejapako oroitzapenak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2016-06-19 21:47   Iritzia

Venezuela entzuten dudanero El Salvadorrez hitz egiteko gogoa pizten zait.

Nejapan ikurrin bat zegoen margotuta udaletxe aurreko saskibaloi zelaian. Hori 2002an izan zen; beharbada jadanik ez dago han. Gasteizen aberatsagoak ginenean -mundu osoko populazioaren ehuneko bat aberatsenen artean geundenean- zerokomazazpia eskatzen genuen garapenerako lankidetzarako, eta Gasteizko papur batzuk Nejapara iritsi ziren. Fededunek karitatearen kontzeptua duten bezala, guk zerokomazazpia geneukan; kontzientzia lasaituta, kaferik eta txokolaterik merkeenak eska genitzakeen dendan. Horrela eraiki zuten Vitoria-Gasteiz kiroldegia, eta ikurrina margotu zuten udaletxe aurrean.

El Salvador arranca 2016 como el país más violento del continente” dio albiste batek, baina ez dugu Erdialdeko Amerikako herrialde horri buruzko berririk ikusiko Gaur Egunen, ez baitago gaur egungo agendan. 1980ko hamarkadan bai, orduan egunero bazkaltzen genuen El Salvadorri eta Nikaraguari buruzko informazioekin, orain Venezuelarekin gertatzen den antzera. Mundua bi zatitan banatzen baita: guri negozioak egiten uzten digutenak, eta uzten ez digutenak.

2002-2003an egon ginen Nejapan, garapenerako lankidetza proiektuetan. Aurreko urtean Arturo etorri zen gugana, Universidad Centroamericanatik, prestakuntza jasotzera. Arturok ikuspegi argia zuen bere herrialdeari buruz. San Salvadorretik genbiltzala, sumendiaren magaletako batean kokatutako auzo bat seinalatu eta esan zigun: han goian bizi dira El Salvadorren jabe diren zortzi familiak. Bitartean, populazioak apenas bizirauten zuen zurien jabetzakoak ziren lursailetan. Bestalde, gainpopulazioaren arriskuak ere ikusten zituen, batez ere erlijio katolikoak populazio txiroenaren artean sustatutako “Todos los hijos que Dios nos dé” filosofiaren ondorioz.

Hala ere, Arturok etorkizunerako zituen aurreikuspenak ez ziren bete. Uste zuen herrialdeak Espainiak bezalako eboluzioa izango zuela ekonomiaren eta gizartearen aldetik, eta soilik 20 urteko atzerapenarekin zebiltzala. Hamabost urte igaro dira eta El Salvador gero eta sakonago dago zuloan.

2002an bazegoen herrialdea birsortzeko gogoa jendearen artean. Nejapako alkatetzan bazuten gerrillarien argazki bat, denak kamerara begira agertzen diren horietako bat. Alkateak esan zigun: “Argazki horretan nirekin ageri diren guztiak hilda daude”. Urrutiko iraganean gertatutako zerbait balitz bezala esan zuen; orain etorkizunera begiratu behar zela esango balu bezala.

Amerika, ordea, ez da Europa. Nejapan bazegoen ur iturburu garrantzitsu bat, San Salvadorreko sumendiaren magaletan ur garbia ematen zuena, eta bertan zegoen kokatuta Erdialdeko Amerika osorako Coca Cola botilaratzen zuen lantegia. Enpresa horren ekarpenak udalerrirako finantzazio iturrietan zein garrantzi zuen galdetzean, erantzuna etsigarria zen: zero. Coca Colak ez zuen ezer ordaintzen zerga gisa, Nejapako baliabideak erabiltzeagatik. Eta eredu hori zen, eta oraindik da, Amerika Erdialdeko eredu ekonomiko bakarra, kafearen monolaborantzaz gain. Maquilen eredua: arropak, oinetakoak eta eskulan asko behar duten gainerako produktuak ahalik eta merkeen fabrikatzea guretzat, zergarik ordaindu gabe eta langileak zukutuz.

Egun batean San Andrés ingurura joan ginen, maiek eraikitako piramidea eta Joya de Cerén ikustera. Piramidearen atarian nerabe bat zegoen, turisten esperoan, tokiaren historia kontatzeko. Hasi zitzaigun azaltzen eskualdean garatu ziren zibilizazioen gora-beherak. Nola El Salvadorren geratzen ziren azken indigenak nahuak ziren. Gurekin bisitan zegoen Heidi salvadortarrak, sinetsi ezinik, buruan iltzatuta geratu zitzaidan zerbait esan zuen: “Entonces, ¿nosotros eramos nahuas?” Gu al ginen nahuak?

Orduan konturatu nintzen: El Salvadorren bizi diren guztiek espainiar konkistatzaileen ondorengotzat dute beren burua, aurpegian marraztuta duten arren nortzuk izan ziren. Geroago ere ikusi dut jarrera hori Kolonbiatik eta Amerikako beste toki batzuetatik Gasteizera etorritako jendean. Amerindiarren jatorrizko kulturaren gutxiespena, nola Chavez venezuelarrari “mono” deitzen zioten, azal zurikoak izateko desioa...

El Salvadorren historia ofiziala da indigenarik ez dagoela. Denak omen dira espainiarren ondorengoak, nahiz eta wikipediak dioen % 87a mestizoa den. Gehienek ez dute gogoratu nahi mestizajearen alde indigena. Gehienek ez dute gogoratu nahi 1932ko etnozidioa, frankismoa eredutzat zuen diktadore batek bultzatua.

Zer espero daiteke memoria historikoa ezabatu dioten herrialde batean? Duela pare bat urte Romeo lagunaren posta elektroniko bat jaso nuen, laguntza eske. El Salvadorretik irten behar zuela, oso arriskutsua bihurtzen ari zela han bizitzea, egunero zeudela hilketak; ea hemen lanen bat geneukan berarentzat. Ez nion erantzun. Zer esan behar nion ba?

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa