Hamar urteko haur gasteiztarren normaltasuna

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2016ko mar. 14a, 09:56

Bistan da, inork ez du anormala izan nahi. Alabak esan digu ea zergatik jan behar duen janari ekologikoa. Lagunek barre egiten diotela, arraro sentitzen dela.

 Txikiagoa zenean, gomasioa gosaltzen zuela esan zien lagunei, eta haiek aurpegi arraroa ipini zutenean, berak, sinestu ezinik, esan zien: “Bai, gomasioa, ez duzue zuek ere hori jaten ala?” Dagoeneko konturatu da gosari hori ez dela normala, lehenago konturatu zen bezala Judimendin lagunen artean euskaraz egitea ez dela normala.

Edari freskagarrien normaltasunera ohitzea kostatu zitzaion, eta oraindik ere ez du guztiz asimilatu. Egia esan, berari eta bere lagun gehienei ez zitzazkien gustatzen kasak eta kolak, eta probatzen zituzten lehen aldietan higuin keinu bat egiten zuten, ni droga bigunak -kafea eta garagardoa- hartzen hasi nintzenean lehen aldietan sentitzen nuen arbuioa bezalakoa, baina haiek edatea da iragarkietan eta telesaioetan ikusten dituen hamar urteko haurren normaltasuna.

Ez zitzaidan beste egunean etorri, bada, Burger King-eko hanburgesa bat nahi zuela esaka? Zertarako nahi zuen txerrikeria hori esan nion, egingo niola nik hanburgesa gozo bat okela ekologikoarekin eta ogi onarekin. Alabak ezetz, bere lagun minak asteazkenero Adurtzan ireki duten merkataritza guneko Burger Kingeko hanburgesa jaten zuela, eta berak ere nahi zuela. Nahiz eta ezetz esan, hara non agertu zen dobletxisburger batekin afaltzeko orduan. Oso lehorra zegoena, bide batez esanda, nik jan bainuen erdia. Ba horixe, normala izan nahi duela. Hori bai, amamaren okela bolak ez ditu utziko hanburgesa bategatik, inolaz ere ez.

Eragin txarra du lagun horrek nire alabarengan. Ensaimadak jaten ere erakutsi dio, baina benetakoak, Mercadonan saltzen dituztenak. Saiatu nintzen esaten benetakoak barruan zirikilotea -barkatu, aingeru-adatsa- daramatenak direla. Ez, ez eta ez, ensaimadak barruan ez daramala ezer. Eskerrak gutxienez Azoka Plazaren azpiko BMan saltzen dituztenak erosteko bonbentzitu nuela. Garaipen txikia edonola ere.

Bestalde, berari, lagunei bezala, pop-a gustatzen zaiola dio. Ez duela gustuko Beatles taldearen musika. Nik, aita on guztiek egingo luketen bezala, XX. mendeko musika herrikoiaren klasikoen bilduma bat prestatu nion: Beatles, Itoiz, AC/DC, James Brown, M-ak, Rolling Stones... Beraz ezetz, pop musika entzun nahi zuela: Sweet California, Ariana Grande...

Duela gutxi telebista anormalaren kontrako jarrera erakutsi zuen. Haurrentzako kanalak blokeatuta genituen etxean, ETB3 salbu, baina lagun guztiek esaten zioten ez-dakit-zein programa ikusten zutela Disney-n, eta berak, presio sozialaren trasmisio katearen bidez, ni estutzen ninduen Disney ipintzeko etxean. Orduan tratu batera iritsi ginen: Disney aktibatuko genuen, baina ingelesez eta azpitituluekin ikusi beharko zuen. Bide batez, gainerako kanaletarako ere ingelesea ipini genuen hizkuntza lehenetsi gisa; hortaz, detektibeen, medikuen eta familia modernoen telesaio guztiak ingelesez agertuko ziren telebista piztean. Pentsa zein anormala zen egoera, abertzalea den lagun batek ere esan zidala alabari ingelesa inposatzen ari nintzaiola, ea zergatik ezin zuen Disney gaztelaniaz ikusi.

Orain jadanik ez dauka arazorik telebistarekin. Alde batetik, Disney ez du ia jarraitzen, The Next Step soilik (bide batez, aitortu behar dut emaztea eta biok ere ikusi ditugula Internationals-ak). Egun Castle da bere zaletasuna. Baina aldaketa nagusia da orain, telebista pizten duenean, gehienetan ez diola begiratzen: kutxa ergeletik irudiak irteten ari diren bitartean, bera yutuberrei begiratzen ari baita esmarfonean. Telesaioak ingelesez eta azpitituluekin ezin dituela jarraitu esan dit, ez baitio pantailari begiratzen, eta mesedez gaztelaniaz jartzeko; horrela, telefonoarekin ari den bitartean, telebistan dagoena ere jarraitu dezakeela ahotsak entzunez.

Berdin dio ETB1-2-3-4k zer ematen duten eta zein hizkuntzatan. Berdin dio Tele5 kateko saioak euskaraz eta kalitatearekin ematen hasiko balira ere. Hasiko al da norbait Youtuberako bideoak euskaraz egiten mesedez? Utikan ETB1en kalitateari buruzko eztabaidak, yutuber euskaldunak behar ditugu albait lehenen.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide