Nekazaritzako Elikagaien Estrategia bat definitzeko lana jarri du abian Gasteizek

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2016ko ots. 19a, 09:45


Lanaren helburu nagusiak nekazaritzako elikagaien sistema praktika ekologikoagoetara bideratzea eta tokiko autosufizientzia maila handitzea izango dira.

245.000 biztanle izanik, Gasteiz da Araban elikagaiak kontsumitzen duen populazio multzorik handiena. Haatik, nahiz eta udalerria bera lehen sektoreko jardueren gune garrantzitsua izan eta elikagai mota asko ekoiztu, oraindik ere Gasteizko janari gehiena kanpotik dator.

Gasteizko Udaleko Ingurugiro Gaietarako Ikastegiak (IGI) eta nekazaritzan zein abeltzaintzan lan egiten duten ekoizle eta elkarteek hainbat urte daramate egoera hori iraultzeko lanean, eta janaria toki urrunetatik ekarri ordez ahal den neurrian tokian bertan sortutakoaren kontsumoa bultzatzen. Gaurtik aurrera, urrats bat gehiago eman nahi dute Udaletik bide horretan sakontzeko, eta Nekazaritzako Elikagaien Estrategia deritzona aurkeztu dute.

Estrategia prestatzeko lanen egutegi zehatza aurkeztu dute Ingurugiro Gaietarako Ikastegitik. Prozesu parte-hartzailea izango da, eta hainbat tailer eta mahairen bitartez, gai horretan interesa duen edonork, eta batez ere nekazaritzako elikagaien esparruan lan egiten dutenek, beren iritziak eman ahal izango dituzte, otsailaren 23an hasi eta ekaina arte iraungo duen prozesu batean, guztion artean estrategia bateratu bat prestatzeko. Horrez gain, eztabaidatzeko espazio birtual bat sortuko da estrategiaren webgunean, nahi duten gasteiztarrek beren ikuspuntua, ezagutzak edo ideiak azal ditzaten.

IGIk dagoeneko prestatu du aurrediagnostiko bat, nekazaritzako elikagaien esparruan Gasteizek dituen ezaugarriak azaltzen dituena. Lehen fasean dokumentu hori partekatu eta balidatuko da, helburuak ezarriko dira eta batzorde bat sortuko da prozesu osoa ikuskatzeko. Ondoren, sektorekako mahaiak osatuko dira, estrategiaren ildo nagusiak eta ekintzak zehazteko. Udarako espero da lana amaitzea.

Gasteizko Udalak, bere aldetik, honako esparruak landuko ditu: hirigintza plangintza hobea (nekazaritza lurrak babestea), elikagaien kudeaketa publiko iraunkorragoa (udal baliabideetan produktu lokal eta ekologikoen kontsumoa sustatzea), elikagai osasungarriagoak eta tokiko ekoizpena gehiago kontuan hartzen dutenak kontsumitzeko ohiturak sustatzea, eta udalaren landa funtsak baliatzea nekazaritza ekologikoko ekimenak abian jartzeko.

Lanaren helburu nagusiak nekazaritzako elikagaien sistema praktika ekologikoagoetara bideratzea eta tokiko autosufizientzia maila handitzea izango dira. Gasteizko ekoizpenaren eta kontsumoaren arteko egokitzapen handiagoa lortu nahi da horrela.

Informazio gehiago:
www.vitoria-gasteiz.org/elikatuvg

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide