Lidleko jogurtak eta Mercadonako kremak bikainak dira

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko urr. 21a, 02:00

Asier Sarasua

 

Lidl dendetako jogurtak primerakoak dira: handiak, gozoak, zapore berezietakoak, eta gainera alemanak. Hori zen, behintzat, duela hamar urte jendeak esaten zuena. Lidlen jogurtak erosten inoiz egon ez bazinen, ez zinen inor. Parisera joan eta Eiffel dorrera ez igotzea baino okerragoa zen: “Pero... ¿no has probado los yogures de Lidl?” esaten zizuten sinestu ezinda.

 

Lidlen aparra desagertu zen, beste hark esango lukeen bezala “elurra urtzen den moduan”, inor konturatu gabe. Baina apar berriak sortzen dira etengabe kontsumo gizartean. Gaur egun Lidl berria Mercadona da.

 

Mercadona ireki dute jadanik Armentian, hasi dira dagoeneko Olarizuko dendan salgaiak sartzen, eta orain edertasun kremak dira erosi beharreko Eldorado berria. Atzera erokeriak jota dabiltza gasteiztar asko, eta Mercadona da egon behar den tokia, lehen derrigorrezkoa zen bezala Lidlen jogurtak erostea, ezinbestekoa etxebizitza jabegoan edukitzea, nahitaez oporretan Txinara joatea, eta gabonzarrak Cancunen igarotzea. “Gabonak etxean familiarekin igaro dituzu? A ze gixajoa!” Ardi ergelak gara artalde inozoan, artzainak esaten diguna egiteko prestu.

 

“Eske Mercadonan gauzak merkeagoak dira” zioten Miranda Ebron dagoen dendara joan-etorria egiten gasolinatan 10 euro gastatzen zituztenek. Xehetasuntxo hori inork aipatzen bazuen, no problem, kremen kalitatea agertzen zen berriro solasaldian.

 

Beste batzuek, eta ez gutxik, herrak gidatuta erosten dute Euskal Herriko denda kate kooperatibo handiena EZ den edozeinetan, eta orain, Lidl eta Dia etorkinez bete direnean (erosle horiek alde batera zein bestera baitituzte gorrotoak), Mercadonak aitzakia ederra eman die boikotean jarraitzeko.

 

Diote Mercadonak ez duela propagandarik egiten egunkarietan, beste kate handi batzuk bezala. Ez duela behar, ahoz ahokoarekin aski dela. Alabaina, urte osoa daramat albistez mozorrotutako propaganda ikusten Araban gehien saltzen den egunkarian, astean bat gutxienez. Ze esango didazue zein interes periodistiko duen denda berri batean leihoak jarri dituztela. Eta horrela, aparra gero eta gorago.

 

Ez dakit zenbat lanpostu sortuko omen ditu Mercadonak. Hori izango da auzi honen guztiaren gezur handiena. Banaketako edozein kate handi hiri batean ezartzeak lanpostuak suntsitzen ditu merkataritzan. Ehunka denda txiki itxi dira -eta itxiko dira-  Gasteizen, eta lanpostuak galduko dira. Herrandarren kaleko Simply dendan kutxazain automatikoak ipini dituzte, eta lehen hiru langile zeuden tokian orain bat dago. Seguru horiek ere lanpostuak sortuko zituztela esan zutela denda ireki zutenean.

 

Ekoizleak porrotera eramatetik bizi da Mercadona. Txinatarrek lan egiteko duten modua nahi du Mercadonaren jabeak. Kapitalismoak ez dauka misteriorik: gainerako guztiak estutu eta zukutu, nire kapitala gero eta handiagoa izan dadin.

 

Eta... ze arraio! Mercadona ez dut gustuko haren jabea Espainiako usteltze orokorraren baitako piezetako bat delako, PP diru beltzez erosten duenetako bat delako. Bai, aitortzen dut nire kasuan ere, erosketa irizpide objektiboez gain -merkataritza lokala, gertuko produktuak, inguruko ekoizleenak, ekologikoak ahal bada...-, ezinikusiek ere gidatzen dituztela nire aukerak.

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide