Hemengo gizarte zerbitzuez baliatzen diren kanpotarrak

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko uzt. 21a, 02:00

Badago Gasteizen hemengo gizarte zerbitzuez baliatzen den kanpotarren multzo bat. Gero esango dizuet zein den, orain kontatuko dizuet duela ia hogei urte gertatu zitzaidan gauza bat. Unidad Alavesa gailurrean zegoen sasoi hartan.

 

Lankide batek esan zidan kanpotarrak hemengokoei lana kentzera etortzen zirela. Ez zegoela eskubiderik, eta gainera haien ohiturak ekartzen zituztela, adibidez hizkuntza, eta inposatu egiten zietela gasteiztarrei.

 

Ea zergatik berak euskara ikasi behar zuen, Gasteizen ez zela inoiz -inoiz ez, historia osoan- euskararik hitz egin. Bizkaitik eta Gipuzkoatik etorkin asko etorri zirela Gasteizera euskara inposatzera. Beno, berak ez zuen “etorkin” hitza erabili (gaztelaniaz “inmigrante”), baizik eta “nacionalista” hitza.

 

Pertsona horrentzat benetako gasteiztarrak -“vitorianos de toda la vida”- ez ziren “nazionalistak”. Beste baterako utziko dugu (berea ez den beste) herrien erabakitze eskubidea ukatzen duten pertsonak nazionalistak diren ala ez. Gasteiztarrak ez ziren nazionalistak, eta beraz, ez ziren euskal hiztunak. Gasteizen jaiotako norbait abertzalea edo euskalduna bazen, orduan... ez zen benetako gasteiztarra. Alegia, No true Scotsman falaziaren gasteiztar bertsioa. Portzierto, Zarautzen kasuan ere gertatu zitzaidan, zarauztar lagun batekin, benetako zarauztarrak zeintzuk EZ ziren azaldu zuenean (nahiz eta Zarautzen jaio).

 

Pasa den astean, futbol mundialaren harira, batek zioen nahiago zuela finalerdia argentinarrek irabaztea. Zergatik galdetuta: “Holandarrak harroxkoak direlako. Besteak baino gehiago direla uste dute” Esan nion kasualitatez aurten hiruzpalau holandar ezagutu ditudala, lanagatik haiekin lan egin behar izan baitut, eta ez zitzaizkidala iruditu halakoak. Berak orduan: “Beno, nik ez dut holandarrik ezagutzen pertsonalki, baina halakoak iruditzen zaizkit”.

 

Orduan pentsatzen hasi nintzen ea zein prozesu jarraitzen dugun, txikiak garenetik, pertsonak taldetan banatu eta talde bakoitzari ezaugarri jakin batzuk esleitzeko. Alemaniar zorrotzak, espainiar fardelak, estatubatuar harroak... Zenbat eragiten diguten lehendik osatuta dauden estereotipoek, eta zenbat den gure benetako esperientzia. Eta agian garrantzitsua dena: zergatik zenbaitetan ikuspegi horiek bultzatzen diren hedabide, talde politiko, elkarte eta gizarte sektore batzuetatik.

 

Gizakiok banakakoak taldetan sailkatzeko ohitura dugu, asko errazten baitigu munduaren ulermena. Baina generalizazio horiek ia beti gezurra dira (ezin jakin nolakoak diren 16 milioi holandarrak) eta bidegabekerien iturri dira askotan.

 

Ez naiz inoiz izan generalizazio horien aldekoa, baina egin dezadan nik ere ariketa bat: zein talde da hemengo gizarte zerbitzuez gehien baliatzen dena? Nire erantzuna: 70 urtetik gora dituzten trebiñuarrak. Esango nuke (“esango nuke”, nik ere ez baitaukat datu estatistikorik) Trebiñun jaio ziren eta zahartzarora arte bertan bizi izan diren eta kotizatu duten trebiñuarretatik asko Gasteizera etortzen dela bizitzera osasun arazoak izateko adinera iristen denean. Batzuk Gasteizera etorri ez, baina bertan erroldatzen dira, zerbitzuak errazago jasotzeko.

 

Orokortu dezadan berriro ere: zein da Gasteizko osasun zerbitzuak gehien erabiltzen dituen pertsona taldea? Erantzuna: adinekoak, 70 urtetik gorakoak. Beraz, badirudi nola edo hala monitorizatu behar dela kolektibo hori, gizarte zerbitzuez “aprobetxatzen” ari baitira.

 

Duela hiruzpalau urte pertsona bat etorri zen lanera gurekin. Patxi Lopezen gobernuak enplegua sustatzeko sortutako plan baten ondorioz lortu zuen lana. Postua eskuratzeko prozesua nolako izan zen galdetuta, zera esan zigun: “Bueno, yo soy de Miranda (de Ebro), y cuando ví la noticia de que en el País Vasco había este plan de empleo, que era solo para residentes en el País Vasco, inmediatamente me empadroné en Vitoria. Luego me presenté y conseguí la plaza”.

 

Auzia ez da gizarte zerbitzuen erabileran iruzurra dagoen ala ez, baizik eta nork multzokatzen dituen pertsonak “kolektiboetan”, nola sortzen dituen multzo horiek (ez adinaren arabera prezeski, baizik eta jatorriaren arabera), eta nola erabakitzen duen kolektibo horietatik “hemengoak” eta “kanpotarrak” zeintzuk diren. Eta amaitzeko, zergatik erabiltzen duen estrategia hori.

 

 

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide