Europar hauteskundeen Gasteizko emaitzen interpretazio bat

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko eka. 30a, 02:00

Asier Sarasua

 

Ia-ia tradizio bihurtu da Gasteizen, zirkulu jakin batzuetan, hauteskunde bakoitzaren ondoren EAJren beherakada nabarmentzea. “Zirkulu jakin batzuk” diodanean, gure gizartean dauden bi multzo soziologiko handietako bat dut buruan, espainiar abertzaleena alegia. Baita beren burua “ez nazionalistatzat” hartzen duten askorena ere: izan ere, bitxia bada ere, horiek EAJren beherakada izaten dute ahotan gehienetan, baina ez adibidez PSOEren suntsipena.

 

Ez dezadan gaizki pentsatu: izan daiteke Gasteizko hedabide nagusiak egiten dituen interpretazioak modu akritikoan irakurtzen dituztela, eta haiek errepikatu besterik ez dutela egiten. Baina gaizki pentsatzen hasita, izan daiteke abertzaletasunen arteko norgehiagokaren testuinguruan egiten dutela analisia, eta sinetsi nahi dutela EHBilduren gorakadaren arrazoia EAJren beherakada baliokidea dela.

 

Tesia da EAJ laugarren geratu zela azken europar hauteskundeetan, aurrekoetan hirugarrena izanik, eta EAJ Gasteizen tradizionalki izan denarekin -Cuerda, Cuerda...- ai ene, EAJ nora zoaz. Orduan Urtaranen profil baxua mahaigaineratzen dute, eta horrela EAJk oso zail duela hurrengo hauteskundeetan alkatetza ateratzea. Onartutzat emango balute bezala hurrengo hauteskunde lokaletan EAJ dela gainditu beharreko alderdia.

 

Hala ere, hauteskundeen emaitzen analisia egitean apur bat objektiboa izaten saiatuta, nik ez dut gauza bera ikusten.

 

Hauek izan ziren emaitzak, 2014an eta 2009. urteko hauteskundeetan.

 

Alderdia

2014

2009

PP

13.616 (% 17,17)

19.852 (% 28,03)

EHBildu (lehen II+EA+ARALAR)

13.544 (% 17,08)

6.479 (% 9,15)  + 3.006 (% 4,24)

PSOE

13.175 (% 16,61)

24.559 (% 34,68)

EAJ

11.150 (% 14,06)

10.852 (% 15,32)

PODEMOS

7.590 (% 9,57)

-

IU (lehen EB)

5.331 (% 6,72)

1.486 (% 2,10)

UPyD

4.116 (% 5,19)

2.021 (% 2,85)

PRIMAVERA EUROPEA (EQUO)

2.654 (% 3,34)

-

 

Emaitza horien aurrean, nire ustez ondoriorik nagusienak honako hauek dira, garrantzitsuenetik hasita:

 

- PSOEren degradazioa oso nabarmena izan da azken 5 urteetan. Botoen % 46 galdu du (9.500 boto gutxiago), eta proportzioan bere garrantzi politikoa erdira jaitsi da (orain % 16,61koa da).

 

- PODEMOS agertu da erreferentziako indar modura. Bat-batean Gasteizko gizartearen % 10 inguru dira, 7,590 botorekin. Seguru asko boto horietako gehienak PSOEtik etorri zaizkie, baina baita PPtik ere gutxi batzuk. Izan ere, 2009ko PSOE+EB botoen baturak (26.045 boto) oraingo PSOE+IU+PODEMOS+EQUO batura baino gutxiago ziren (28.750 boto).

 

- Ezker abertzalearen gorakada, ez hainbeste kuantitatiboki izan delako, baizik eta ia-ia Gasteizko indar nagusia izateko zorian izan delako, PPrengandik soilik 72 botora. 2009an Iniziatiba Internazionalistak eta EA+Aralar zihoazen koaliziokoek ateratakoak batuta, 9.485 boto zituzten, eta aurten %39 gehiago lortu dute.

 

- PPren atzerakada ere nabarmena izan da: 6.236 boto galdu ditu, 2009an zituen guztien % 31. Baina hemen nire ustez albiste nagusia ez da galera hori, baizik eta higadura hauteskundeen aurretik espero zena baino txikiagoa izan dela. Egia da PPk alde dituela iritzia sortzen duten hedabide nagusiak, baina 2013an izan zuen “annus horribilis” ikusita, hondamendi handiagoa espero zitekeen. Eta nora joan dira boto horiek? Espero zitekeen bezala, gehienak ez dira beste alderdi batzuetara joan, etxera baizik. Gutxi batzuk besterik ez dira joan UPyDra.

 

- IU, UPyD eta EQUOk emaitzak hobetu dituzte, baina... gehiago espero zen, batez ere hauteskunde aurreko inkestek ziotenari kasu eginda. UPyD alderdiak emaitzak bikoiztu ditu 2009. urtearekin alderatuta, baina gutxiegi izatearen sentsazioa dago. Beharbada jendeak alderdi horretaz duen ikuspegia aldatzen ari da: lehen PP-PSOE bikotearen alternatiba zen zenbaitentzat, baina gero eta gehiago nabarmentzen ari da haien osagarri besterik ez dela. IU eta EQUOk, bestalde, PODEMOSen sorpasso-a jasan dute, hainbeste ezen, gaur egun Gasteizen bosgarren gonbidatua PODEMOS bihurtu den, Ezker Batuak tradizionalki bete duen tokia hartuz. Hala ere, PODEMOS eta IUren arteko harremana nola doan, PSOEri tokia kentzeko egokieran egon daitezke, biak batuta, hemendik aurrera.

 

- EAJri dagokionez, orain arte gehien nabarmendu den aldaketa da hirugarren indar izatetik laugarren izatera igaro dela. Hala ere, EAJk duela bost urte baino boto gehiago jaso ditu oraingoan, hain zuzen 298 gehiago (% 3ko igoera), nahiz eta alderdi guztien arteko erlazioan ehuneko bat eta erdi galdu duten. Galera txiki hori parte-hartzea handiagoa izan delako izan daiteke gehien bat. Beraz, EAJk boto emaileen zorro nahiko egonkorra duela dirudi. Egia da azken 20 urteetan EAJk indarra galdu duela Gasteizen, baina ez da hauteskunde hauen kasua.

 

 

Bestalde, espainiar abertzaleen eta euskal abertzaleen arteko indar harremana ezin aipatu gabe utzi. Analisi hori nahiko zuzena zen lehen, baina orain beste aktore batzuk sartu dira jokoan, PODEMOS batez ere.

 

Ez dago argi PODEMOSek alderdi gisa zer defendatuko duen nortasunaren auzian, baina ez dut uste lehen PSOE eta orain PODEMOS bozkatu duen Gasteizko gizarte zatiak bat-batean ikuspegiz aldatu duenik. Pablo Iglesiasek berak esan du, Kataluniaren auziari lotuta: “Si me pregunta usted si me gustaría que se independizara el País Vasco o Catalunya, no. Me gustaría que se quedaran con nosotros". Eta “Nosotros” esaten duenean ez da Europaz ari, hain zuzen. Nik “espainiar abertzale demokrata” gisa definituko nuke: autodeterminazioa zein independentzia onartzen ditut herritarrek hala nahi badute, baina nire nortasun markoa Espainia da. Alegia, erreferenduma egin daiteke, baina nik Espainia bozkatuko dut. EQUOren kasuan ere, alderdi horri botoa eman dieten gehienak multzo berean sartuko nituzke. Baita EAJri botoa ematen dioten batzuk ere.

 

Zentzu horretan, esan daiteke euskal abertzaletasuna indartuta atera dela Gasteizen; baina ez EHBilduren “ia lehenak izan gara” fenomenoak ezta PSOE-PPren hondamendiak iradoki dezaketen bezain beste. EHBildu eta EAJ batuta, ehunekoetan, %28,71 izatetik %31,14 izatera igaro dira. PP eta PSOEren batura, berriz, %62,71 izatetik %33,78ra igaro da -hondamendi latza-, baina horri UpyD, IU, PODEMOS eta EQUO gehitzen badizkiogu, %58,6 izaten jarraitzen dute. Kontuan hartuta EHBildu indar osoz aurkeztu den lehen hauteskunde europarrak direla, ardatz identitarioaren inguruko aldaketak ez dirudi hainbesterakoa. Hala ere, interesgarria da erabakitze eskubidea onartzen ez duen alderdi batetik (PSOE) eskubide hori onartzen duen batera (PODEMOS) egondako boto transferentzia, boto guztien %10 inguru, nahiz eta isuri hori ez den gertatu nortasunaren inguruko aldaketa bategatik, faktore sozioekonomikoengatik baizik.

 

Amaitzeko, Arabak EAEko hauteskundeetan betetzen duen tokiaren inguruko anekdotatxo bat, lurralde bakoitzak Eusko Legebiltzarrean dituen eserlekuen ingurukoa: hauteskundeen ondorengo astelehenean emaitzak komentatzen ari ginela, EAJ Araban gero eta ahulagoa dela dioen tesia defendatzen duenetako batek zioen EAEko hurrengo hauteskundeetarako EAJk berriro eskatu beharko zuela probintzien proportzionaltasuna eserlekuen banaketan, alderdi “gero eta bizkaitarragoa” dela ikusita. “Con la ayuda de EHBildu...” gaineratu zuen. Nik ordea, erantzun nion gaur egun ez EHBilduk ez EAJk ez luketela inolako interesik hori aldatzen, Arabako lehen eta bigarren indarra baitira, hurrenez hurren. Egia izango ote da oraindik aurrera Arabako PPko politikariek jadanik ezingo dutela Araba erabili “nacionalismo vasco”-aren kontrato ariete gisa?

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide