Trebiñu Araba da, Trebiñu ez da Euskal Herria

Erabiltzailearen aurpegia Asier Sarasua Garmendia 2014ko aza. 21a, 01:00

Asier Sarasua

 

1958an nire lagun baten aitona Francorekin hitz egitera deitu zuten. Ea zertan ari zen, galdetu zion Francok, nolatan ari zen babesten trebiñarren artean Burgosetik irten eta Araban sartzearen ideia. Eugenio Garay zen, Trebiñuko alkatea.

 

Behintzat horrela kontatzen dute istorioa nire familia pegatuaren herrian. Agian ez zen Francorekin izan, agian Burgoseko diputatu nagusiarekin izan zen... berdin dio, kontua da trebiñarrek arabar izateko duten borondatea ez dela berria.

 

Trebiñarrek Araba izan nahi dute, eta badirudi euskal abertzaleak pozik daudela horrekin.

 

Trebiñarrek arabar izan nahi dute, baina gehienek, komenientziagatik. Erosoagoa da erosketak Gasteizen egitea.

 

Javier Maroto ere arabarra da. Trebiñar askok Maroto den bezala izan nahi dute arabar. Trebiñu arabartzeko aurreko saialdia, 1998koa, PP alderdikoa zen alkate baten eskutik egin zen, eta hain zuzen alderdia utzi zuen enklabearen auziagatik. Horrek ez du esan nahi gainerako kontuetan PPren ideologia politikoarekin bat ez zetorrenik, edo behintzat ideologia horretatik hurbil ez dagoenik.

 

Badago Gasteizen trebiñar etorkinen gunetxo bat Judimendin. Trebiñar askok etxebizitza erosi zuten bertan, nahiko arrunta baitzen herrietako biztanleek etxea edukitzea kapitalean, zahartzarorako. Duela 10 urtera arte, Gasteizen ezin zen etorkinez hitz egin, ze egiten bazenuen, arrazista deitzen zizuten. Espainia beren naziotzat dutenek deitzen zizuten arrazista. Izan ere, duela 10 urtera arte, etorkinak Espainiatik etorritakoak ziren. Horregatik, Alfonso Alonsok “racista” deitu zion Ibarretxeri.

 

Trebiñun ere etorkinak daude, Gasteiztik iritsi diren etorkinak. Bai Trebiñutik alde egindakoen seme-alabak, bai jatorriz bertakoak ez zirenak. Hori da azken hauteskundeetan EAJk %12,7 boto eta Bilduk %11,4 ateratzearen arrazoi nagusia. Txaletetan bizi direnak dira asko.

 

Txaletak egin dituzten Trebiñuko herrietan kontzejua egiten dutenean, herriko kontuak erabakitzeko, bi talde kontrajarri izan ohi dira: alde batetik, herriko basoan negurako egurra egiteko partiketa nola egin erabaki nahi dutenak, herriko lavadero-a konpondu nahi dutenak; eta bestetik, umeentzako jolas parkea egin nahi dutenak eta herriko jaiak dataz aldatu nahi dutenak, jaiok oporretan daudenean (abuztuan) ez izateko.

 

Betiko trebiñarrek arabar izan nahi duten modua, eta Trebiñura iritsi berriek duten modua, ezberdinak dira.

 

Trebiñu Araba bihurtuko balitz, Arabako indar politikoen oreka pixka bat gehiago makurtuko litzateke PPren alde eta, oro har, Espainia beren naziotzat dutenen alde.

 

Trebiñuko adinekoek oraindik “las abarras” eta “langarrear” esaten dute. Arrieta eta Arana izena duten herrietan bizi dira. Badakite aspaldi euskaldunak izan zirela, eta gero hizkuntza hori galdu egin zela.

 

Trebiñun beharrezko ikusi dute euskara jakitea, eta gehienek euskarazko ereduetan matrikulatu nahi dituzte seme-alabak. Hori ondo dago: beti pentsatu izan dut euskarak irauten badu, jendeak beharrezkotzat ikusten duelako izango dela, ez jendeak “maitatzen” duelako. Jadanik nahikoa izan dut edozein Korrikara joan eta jendeak euskara nola maitatzen duen ikusteaz. Trebiñarren gehiengoek beharbada ez dute Euskal Herria –estatu independentea- izan nahi, baina seguru asko bai izan nahi dutela euskal herritar: kulturalki, hizkuntzaren aldetik, etnikoki. Alegia, ez dutela Euskal Herria izan nahi, baina bai euskal herria.

 

Edo ez. Beharbada dena da nire irudipena, azken urteetan trebiñarrengandik ikasitako gauzen ondorioz ditudan (aurre)iritziak. Ze diotenez, zerbaitetan badira trebiñarrak arabarron berdinak, benetan pentsatzen dutena ezagutzeko zailtasunean da.

“Treviñés, falso y cortés”.

 

 

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide