Navarrísimo

Erabiltzailearen aurpegia Aitor de la Villa 2015ko aza. 16a, 10:47

Konplexuek inbidiaren negu hotzean gezurra dute beroki.

Hala ere, neopreno eta arropa termikoen garaian, egur-suaren herrian, batzuen masailezurrak oraindik dabiltza dardarka. Negua dator, asko urte osoan zehar neguan bizi badira ere. Neguan bizi direnek, hotza dela eta, ordenagailuko teklak eskularruekin sakatzen eta hitzak bufanda lodi baten beste aldetik esaten ematen dute eguna. Ez da erosoa izan behar.

 

Aurreko egunean kazetari hozbera baten hitzak irakurri nituen: “Alaveseko zaleek Osasunaren zaleak dituzte lagun, bi taldeen zaleek Athletici gorrotoa diotelako”. Ondoren, doinu probokatzaile batekin, ekin zion, Athletic aitzaki, bizkaitarren kontra egiteari. Ez da lehenengo aldia kazetariak Alaveseko bufandarekin, antifaza bailitzan, begiak estaltzen dituena; Gasteizko taberna bat Athleticeko banderak jartzeagatik satanizatu zuenean bezala. “Alavesismo” berri honek, Nafarroako hauteskundeetan erabili zen “Navarrisimoa” ekarri zidan gogora; edo, zergatik ez, hemengo hiper-mega-euskaldunen anti-espainolismoa. Beroki hauek guztiak saltoki berean daude salgai, garesti –asko baita galtzen dena beroki hauek jantzita–.

 

Kazetari horrek ziurrenik ez nau Mendizorrotzan Alaves animatzen ikusiko –futbolzalea ez naizelako–. Errezago izango du ni Bilboko zazpi kaleetan topatzea, edo Cadizeko hondartza batean, edo Logroñon, edo Parisen, edo Bartzelonan, edo Madrilen… hainbeste maite dudan Bizkaian, edo Frantzian edo Espainian, arabarra eta abertzalea izanda, berokirik gabe.

ALBISTEAK MUGIKORREAN

ALEAren albisteak Whatsapp edo Telegram bidez jaso nahi dituzu?

WHATSAPP: Bidali ALEA hitza 645 66 86 02 telefono zenbakira.

TELEGRAM: Batu zaitez @ArabakoALEA kanalera.


ALEA da Arabako euskarazko aldizkari bakarra, eta zu bezalako irakurleen babesa behar du aurrera egiteko. Zuk ere gurekin bat egin nahi al duzu?


Izan zaitez ALEAkide