alea.eus

Iñaki Montesen aurkako epaiketa atzeratu dute

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016-11-25 11:00   Ekonomia

Iñaki Montes JEZ enpresako langilearen kontrako epaiketa hasi behar zen atzo Bilbon, baina fiskaltzak atzeratzeko eskatu eta epaileak onartu du. Urtarrilaren 27an 09:30ean egingo da.

Epaiketak ez du aurrera egin, baina hainbat lagun elkartu da epaitegiaren aurrean salatzeko Iñaki Montes eta gainerakoen egoera.

Bitartean, elkarrizketa eskaini du epaituak: 

Zer pasatu zuen 2014ko martxoaren 3ko Nazioarteko Diru Funtsaren aurka egindako manifestazioan?
Gizarteak bizi izan dituen murrizketak pil-pilean zeuden eta, gainera, troika etorri zen Bilbora. Orduan, Euskal Herriko gehiengo sindikalak eta hainbat taldek horren aurkako manifestazioa deitu zuten. Ni Laudioko JEZ enpresako langile batzordeko kidea naiz eta manifestaziora joan nintzen beste zenbait lankiderekin batera. Mobilizazioan egon ginen eta istilu batzuk egon ziren. Talde batek bere amorrua adierazi zuen gauzak apurtzen. Ni manifestazioan nengoen lasai-lasai lankideekin eta sekulako istiluak gertatu ziren. Jende multzoa zegoen, hurbildu nintzen eta jarraian ertzaina batek atxilotu ninduen.

Nola gogoratzen dituzu ondorengo orduak?
Furgonetan sartu ninduten eta bertan jipoitu. Sekulako kolpeak jaso nituen. Hurrengo egunean epailearen aurrean deklaratu nuen, eta, horren ostean jakinarazi zidaten fiskalak leporatzen zidala istiluetan parte hartzea, atentatua, desordena publikoak... hau da, sekulako muntaia.

Zure ustez, zer gertatuko da epaiketan?
Ez dakit. Espero dut aske geratzea, baina Euskal Herrian halako egoeretan ez dakizu zer gerta daitekeen. Nik badakit errugabea naizela eta espero dut libre geratzea. Guztira, hamabi pertsona atxilotu zituzten egun horretan eta gu gara epaitzeko geratzen direnak. Orain arte ia guztiak libre geratu dira ez zegoelako frogarik ez ezer, eta espero dut epaiketa honetan gauza bera gertatzea. Hau da, ikustea muntaia poliziala izan dela guztia.

Toki askotatik jaso duzu elkartasuna, ezta?
Bai, horrekin erabat harrituta nago. Gehienbat Aiaraldean; langile batzorde askok babestu naute eta pasa den ostegunean, azaroaren 17an, Laudioko Lamuza plazatik abiatutako eta herriko plazan amaitu zen manifestazioarekin bat egin zuten. Ehundik gora herritarrek parte hartu zuten, Iñaki eta besteak libre, errepresiorik ez lelopean, JEZ batzordeko komiteak deitutako mobilizazioan. Horregatik pozik nago. Eta atzo ere elkartu ziren epaitegiaren aurrean; esan bezala, oso pozik nago jasotzen ari naizen babes horrekin.

Zein da zure hausnarketa epaiketari buruz?
Gauza zabalagoa da. Euskal Herrian eta estatuan borrokatzen duten guztiak beldurtu nahi dituzte, euren murrizketak eta eredu ekonomikoa inposatzeko, mobilizatu ez gaitezen. Eta berdin zaie gaztea edo langilea izatea, euren helburua da gu etxean geratzea.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa