alea.eus

Farmazia zerbitzu iraunkorra eskatzeko 3.000 sinaduratik gora jaso dituzte

Erabiltzailearen aurpegia Aiaraldea Gaur 2016-10-15 07:00   Gizartea

Amurrioko herritar batek sinadura bilketa abiatu du herrian egunero guardiako farmazia bat egotea eskatzeko.

Artzain Egunean ekin zion sinadurak biltzeari Jose Trujillano Gonzalez amurrioarrak, herrian  egunero zaintzako farmazia bat egotea eskatzeko. Zerk motibatu zuen sinadura bilketa hori egitera? Galdera horri beste galdera batekin erantzuten dio berak: "Goizeko hiruretan larrialdi bat baldin badaukat eta botika bat behar baldin badut, nora joan naiteke?".

Orain, astean lau egun

Amurrion lau farmazia daude, baina gaueko guardia txandak Urduña, Arespalditza eta Artziniegako farmaziekin txandakatzen dituzte. Hau da, astean lau egunez dago Amurrion farmazia gauez irekita. Gainontzeko hiru egunetan, aldiz, autoa edo garraio publikoa hartu beharra dago goizeko ordu txikitan botika lortu ahal izateko.

Trujillanoren emazteak iktus bat izan zuen duela bederatzi urte, eta orduz geroztik zaintza lan asko behar ditu. "Amurrio bezalako 10.000 biztanleko herri batean nik uste dut beharrezkoa litzatekeela gauero farmazia bat zabalik egotea", aldarrikatu du senarrak.

Aiaraldea egunkaria Arabako Sendagileen Elkargo Ofizialarekin jarri da harremanetan. Bertatik adierazi dute Eusko Jaurlaritzaren Osasun saila dela farmazien funtzionamendu sistema eta ordutegiak zehazten dituena.

Zerbitzua bermatuta

Azaldu dute baita farmazia batek "errefortzuzko ordutegia" izaten duela Amurrion, herrian guardiako farmaziarik ez dagoen egunetan: 21:00ak arte geratzen da zabalik laneguna bada, eta hamaiketatik ordu batetara jaieguna bada. Modu horretan, Amurrion "urteko egun guztietan" farmazia bat zabalik egotea lortzen da, sendagileen elkargotik adierazi dutenez. "Sistema honen bidez osasun zerbitzu osoa bermatu egiten dela uste dugu". Adierazi dute, halaber, gaur egun indarrean dagoen guardien errotazio sistema dela farmazia zerbitzua bermatzeko modua, "Arespalditza, Urduña edo Artziniega bezalako herri txikietan".
Sinadura bilketak, halere, arrakasta izan du eta 3.100 baino gehiago bildu ditu Trujillanok, bat egin duten zenbait herritar eta saltokiren laguntzarekin.

Eskualdeko beste txoko batzuetara ere egin du salto ekimenak. Urduñan 1.000 sinadura bildu dituzte dagoeneko, aldarrikapen berdinarekin. Trujillanok aitortu du ez zuela espero ekimenak "horrenbesteko oihartzunik" izango zuenik, eta esan du sinadurak Amurrioko udaletxean aurkeztea dela asmoa, "Udala delako amurrioar guztien ordezkaria".

Ekimena hilaren 20era arte luzatzea aurreikusi du, baina datozen egunetan jasotzen duen erantzunaren arabera erabakiko du noiz bukatu egitasmoa.

Erantzun

Erantzuteko, izena emanda egon behar duzu. Sartu komunitatera!

»» Alta eman edo pasahitza berreskuratu


Twitter ikonoa Facebook ikonoa